Kanpainak aurrera darrai, azken txanpan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 16a

Gainean ditugu hauteskundeak eta alderdiak azken txanpan sartuta daude. Asteburuan EH Bildu eta Ahal Duguren txanda izan da. Koalizio abertzaleak 'herri bizia' aldarrikatu zuen atzo eta Ahal Duguk gaur goizean Juantxo Iturria ahaldungaiaren bisita jaso du.

EH Bilduk ekitaldi koloretsua egin zuen ostiral iluntzean. Zinta bidez irudikatu zuten Lasarte-Oria "bizi eta alaia, ortzadar kolorekoa". Gorriarekin herri langilea irudikatu zuten, berdearekin ekologista eta ingurumenaren aldekoa, urdin-ilunarekin kirolaria, laranjaz giza eskubideen errespetuaren aldekoa eta librea, horiarekin kultura anitzekoa eta euskalduna, moreaz feminista, urdin argiz hezkuntzarekin konpromisoa duen herria eta zuriarekin gardena, zintzoa eta parte-hartzailea.

"Halako herria nahi dugu, asko egin baitugu lau urteotan, baina asko dugu oraindik egiteko. Hauteskunde osteko astelehenean berriro sartuko gara bulegora, lasarteoriatar guztien eskubideak eta duintasuna bermatzeko bere jatorria edo egoera ekonomikoa kontuan hartu gabe", esan zuen Pablo Barrio hautagaiak.

Ahal Duguren ekitaldia
Lasarte-Oriako udalean indartsu sartu nahi du Lasarte-Oriak Ahal Du taldeak. Larunbat eguerdiko ekitaldian Arkaitz Nayak esan du herriak "aukera paregabea" duela "benetako aldaketara" bidean: "Alkate berriaren inbestiduran gure hautagaia soilik babestuko dugu, ez dugu inolako pakturik egingo. Herritarrentzat egingo digu politika, udaletxea bizilagunen beharretara zuzenduz, gardentasuna ardatz".

Juantxo Iturria Gipuzkoako ahaldungaiak bere aldetik nabarmendu du "politika tradizionala" azkenetan dagoela eta "herritarren garaia" iritsi dela: "Gu ez gara politikari profesionalak, herritarrak gara zuek bezalaxe eta gauzak aldatzeko gogoa daukagu, horrek batu gaitu eta horretarako egingo dugu lan. Aldaketa iritsi da Gipuzkoara!", esanez amaitu du ekitaldia.