Udaberriaz gozatzen

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 15a, 21:38

Udaberri festa ospatu dute gaur Aterpea elkarteko kideek. Outletak, eskaintzak bereziak, plater dastaketa, pintxo bereziak... aukera ugari eskaini dituzte merkatari eta ostalariek egun osoan zehar.

Gainera, egun berezi honetarako, ongi apaindu dituzte merkatariek haien dendak. Alba jantzi dendan esate baterako, kotxe klasiko bat zegoen eta barruan dendako soinekoa daraman ezkongaia. 

Ekintza ugari
Hala ere, jai giroa eta mugimendua arratsaldean somatu da. 

Ttirriki-Ttarraka eskolako kideek kaleak girotu dituzte trikiti eta panderoekin.

Buenetxea tabernako Country jaian, Howdy taldeaz gozatu ahal izan da. Arkupe tabernan musikaz girotutako dastaketa izan da.

Baina ez dira helduak ekintzez gozatu duten bakarrak izan.

Etxeko txikiek Loidibarren frontoian puzgarriak izan dituzte. Olmi dendan, Zumaburu liburudendan eta Ormazabal loredendan tailerrak izan dira. Haurrek artile eta plastilinarekin lan egin eta etxera baltsamina edo alegria bat eraman ahal izan dute.

Opari bila

Honetaz gain, haurrak dendaz denda ibili dira haien marrazkien bila. 

Denda ezberdinetan ikastetxeetako 545 haurren marrazkiak egon dira banatuak eta bakoitzak berea aurkitzean oparitxo bat izan du, txutxe poltsa bat.

Udaberri festako irudi batzuk argazki galerian.