Ostegunean, Kukuka Antzerki eta Dantza eskolako kideak, Pablo Barrio alkatea, ikastetxeetako eta Kultura saileko ordezkariekin batera, 13. Antzerki eta dantza asteko egitaraua aurkeztu zuten.
Maider Oiartzabal dantza arloko arduradunak eta Kontxu Iartza antzerki ataleko ordezkariak 13. edizio honetako egitarauaren berri eman zuten.
Antzerki eta dantza aste honek maiatzaren 25etik 31era eta ekainaren 8tik 14ra iraungo du. “Ekaineko lehen astean Zabaleta auzoko jaiak daude eta Eskola honetako sortzaileak bertakoak direnez, errespetuz, aste horretan etenalditxoa egingo eta bertan izango gara gure lanak erakusten”, azaldu zuen Oiartzabalek.
Desfilea
Hala ere, larunbatean maiatzaren 23an Antzerki eta dantza astearen aurkezpena egingo da. Aurreko urtetan legez desfile erraldoiak hartuko ditu erdiguneko kaleak. Baina Maider Oiartzabalek azpimarratu zuenez, lehenengoz goizean 11:30etik aurrera izango da.
Gainera, formatu berrien bila desfilea motzagoa iragarri dute. Kultur etxe parean hasiko da, Geltoki kaletik Hipodromo etorbidera egingo du eta errotondan Kale Nagusitik barrena joango da desfile koloretsua Okendora arte.
Izan ere, aurten Okendo plaza izango baita “muina”. Bertan dantza eta antzerki talde ezberdinen aurkezpena egin eta bakoitzak minutu bateko erakustaldia egingo du. Ostean, guztiek batera Kukuka Antzerki eta dantza eskolako ereserkia dantzatuko dute.
Saioak
Antzerki lan eta dantzez gozatzeko astelehenera arte itxaron beharko dute herriko ikasleek.
Saioa hauek goizez egingo dira eta aurten, gainera, “Institutuko ikasleak ere etorriko ikustera,” jakinarazi du Kontxuk.
Guraso eta senideek berriz arratsaldeetako saioak izango dituzte antzerkiaz gozatzeko. Guztiak 19:00etan izango dira, lau antzerki saio izan ezik.
Berrikuntza bezala, ostegun gauean,21:00etan gazteen taldeak antzerkia eskainiko du. “Iaz helduen taldea izan zen saio horretan eta arrakasta izan zuen,” aipatu du Kontxuk.
Horren ondorioz, arratsaldean 18:00etan izango da LH1 eta LH2koen antzerki saioa.
Bestalde, helduen taldeetako batek larunbata maiatzak 30, 20:00etan eskainiko du lana eta besteak ekainaren 12an, ostirala, 22:00etan.
Dantzaz gozatzeko ekainaren 14ra arte, igandea itxaron beharko da. Orduan izango baita Dantzaz Blai eguna. 12:00etan, Euskal dantza eta euskal sorkuntzako ordubeteko saioa izango da eta 19:00etan dantza garaikidearen txanda izango da.
Maider Oiartzabalek aipatu zuenez, “Euskal Sorkuntzan talde gehiago sortu dira eta interesa dagoela ikusten da”.
Eredua
Pablo Barrio alkateak horrelako ekintza haurren hezkuntzarako garrantzitsua direla aipatu zuen, “sozializatzeko modu, besteekin lan egiteko, jende aurrean egoteko...bideak ematen dira”.
Eta horregatik eta beste hainbat gauzengatik Lasarte-Orian eredutzat dituztela azpimarratu zuen.
Honetaz gain, Udalaren funtzioa taldeei aukerak eman eta baliabideak jendearen esku jartzea dela adierazi zuen. “Herria herriak egiten du”.