Jule Goikoetxearen hitzaldia asteartean

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 15a

Irakurle Txokoak hainbat ekimen antolatu ditu azken hilabeteotan taldea ezagutzera emateko. Ekintza horien artean sartzen da Jule Goikoetxeak asteartean 18:30ean Manuel Lekuona kultur-etxean eskainiko duen ‘Euskal Estatugintza Feminista’ hitzaldia.

Jule Goikoetxeak ‘Euskal Estatugintza Feminista’ hitzaldia eskainiko du asteartean Manuel Lekuonan. Irakurle txokoak antolatutako ekintza da. Goikoetxeak harreman estua du Lasarte-Oriarekin izan ere, bertan bizi izan zen urte luzez eta oraingoan Irakurle Txokotik egindako gonbidapenari erantzunez hurbilduko da gurera. 

Zientzia Politikoak, Kazetaritza eta Filosofia ikasketak egin zituen (EHUn eta Cambridge-en) eta Doktore da Filosofian. Ikerketa alorrean aritu da besteak beste, demokratizazio prozesuak eta nazionalismoaren gaiak aztertuz. Hain zuzen horren inguruan elkarrizketatu zuen Txintxarrik 2012an. 

Egun irakaslea da EHUn Politika eta Administrazio Zientzien sailean. Ikerketa alorreko artikulu ugari argitaratu ditu eta iritzi emaile gisa aritzen da hainbat hedabideetan. Astearteko hitzaldian, Goikoetxeak euskal estatugintza feminista zer den eta nola gauzatu beharko litzatekeen azalduko du. 

Goikoetxeak berak esan moduan, euskal estatu feministaz hitz egiten duenean, “Estatua definitu daiteke era estatiko batean edo prozesu bezala, eta nik nahiago dut prozesu bezala ulertu. Eta zertan datza estatugintza feminista? Politika publikoak egiterakoan, diskurtso ofizialak artikulatzerakoan, zer den zer erabakitzerakoan, alegia, zer izango den enplegua, zer lana, nolako politika publikoak egingo diren, lana kobratuko den, edo enplegua bakarrik, edo ezer ez, zer sartuko den merkatuaren logikan eta zer ez, are gehiago, euskal estatu feminista horretan emakumezkoak edo gizonezkoak egongo ote diren, espazio publikoa nola okupatuko dugun, zer puntutaraino izango den etxea eremu publikoa edo pribatua… Gai horiek guztiak ikuspuntu feministatik zehaztean datza. Hori da estatugintza egitea ikuspuntu feminista batetik”. 

Hitzaldia irekia izango da eta Irakurle Txokotik herritarrak honetan parte-hartzera deitzen dituzte.