Buruntzaldeako EAJ-PNVko ordezkariek eskualdean garapen agentzia eratzeko prestatu duten proposamena aurkeztu dute gaur Andoainen egindako agerraldian. Azaldu dutenez, “proposamenaren helburua da Buruntzaldeako sei herriak elkartu eta koordinatzea, izan ditzaketen arazoei irtenbidea bilatu eta euren posizionamentua indartzeko”.
EAJk elkarte anonimoa eratzea proposatzen du, “egitura juridiko-ekonomikoa eta kontrol publikoa bermatua izango dituena”. EAJ-PNVren ordezkariek lankidetzaren alde daudela esan dute eta, abokatu aditu baten laguntzarekin, proposamen bateratzailea prestatu dutela eskualdeko sei herrientzat.
Herri bakoitzeko udalbatzak izango lirateke, bozka bidez, agentziako ordezkariak aukeratuko dituztenak. “Era horretan, ezker abertzaleak agentziaren kontrola bereganatzeko diseinatu zuen formula baztertzea lortuko da”.
Lan teknikoa Udaletako funtzionarioen esku uztearen aldeko dira jeltzaleak. Helburuak “eskualdeko onuren berri eman, eskualdeko balioak partekatu, enplegua sortu, kohesioa sortu txikienari lagunduaz eta Buruntzaldearen balioa indartu” izango direla esan dute.
Egin beharreko ekintza batzuk proposatu dituzte besteak beste, "enplegua sortu; parte hartze aktiboa eskualdeko egituretan; azterketa sozioekonomikoak eta proiektu estrategikoak egin. Merkataritza sustatu, aisialdirako ekintzak eta bertako salerosketak bultzatu eskualdeko enpresa eta dendetan. Langabezian dauden kolektiboak identifikatu eta ekintza zehatzak proposatu. Herriko ekonomia sustatzeko eztabaida-guneak sortu. Arlo pribatua eta publikoaren arteko elkarlana sustatu, enpresen jarduerak sustatu, bertako baliabideak probestuz Ibilbide interesgarriak bilatu bertako merkataritza sustatzeko elementu erakargarriak sustatu eta ekintzaileari lagundu".
Proposamenak aurkeztu ondoren, EAJ-PNVren ordezkariak eragile eta alderdi politikoekin elkartuko dira, proiektua partekatu eta euren ekarpenak jasotzeko. “Proiektuak daukan pisu eta garrantzia ikusirik, urte amaierarako akordioa bilatu nahi dugu”.