Ohiko udalbatzar azkarra izan da gaurkoa. Bukaeran momentu hunkigarriak ere bizi dituzte zenbait zinegotzik izan ere, egun batzarra osatzen duten zenbait kide ez dira egongo datorren legegintzaldian. Esker oneko hitzak izan dituzte PPko Vanessa Velez eta PSE-EEko Martin Morenok.
Gaurko udalbatzarrean hala ere, Bilduko Nerea Sanchez, Plataformako Ana Prieto eta PSE-EEko Iñaki Mugica ez dira egon.
Pablo Barrioren azalpenen ostean, aurreko batzarretako aktak onatu dituzte alderdiek. Jarraian, PSE-EEk aurkeztutako bi mozio izan dituzte hizpide.
Nepal
Lasarte-Oriako sozialistek Nepalen lurrikararen ondorioz pairatu dituzten kalteak konpondu eta arintzeko Gurutze Gorriari 10.000 eurotako laguntza ematea eskatu dute udalbatzarrean mozio bidez. Zehazki, alkateari eskaera egin zaio kredito aldaketa bat egin dezan laguntza hau bideratu ahal izateko.
Jesus Zaballosen hitzetan, “lurrikarak herrialdeak osasun zerbitzuetan dituen pertsonal eta baliabideen gabezia agerian utzi ditu. Lurrikarak utzitako zauritu larrien kopurua handia izan da eta gainezka egin die”.
Horregatik, alderdi sozialistak Udalari laguntza humanitarioa eskaintzea eskatuko dio. EHBilduko zinegotziak abstenitu egin dira eta gainontzeko alderdien aldeko bozkarekin onartuta izan da mozioa.
Jarraian, PSE-EEk ere Lanbidek herrian zuen formazio zentroaren itxieraren inguruko mozioa aurkeztu du. Hain zuzen, herrian dagoen langabezia tasa dela eta zentroak formazioa eskaintzea onarrizkotzat jo du Zaballosek. “Zentro hauen eskumena jaurlaritzako hezkuntza sailak hartu behar omen du baina atzerapen horrek zentro hauen etetea eragin du”. EAJko Boris Nogalesen esan du “zentroak 2009an utzi ziola formazioa emateari”. Jaurlaritzan Toña enplegu sailburuak zentro hauen inguruan erantzun duela aipatu du jeltzaleak eta “garai batean herrian zentro hori garraio zentroa izan behar zela esan zitzaigun eta ezerezean geratu da proposamena”. Zaballosek erantzun dio “Jaurlaritzako aldaketak eragin zuela proiektuaren gelditzea”.
EAJren abstentzioarekin gainontzeko alderdiek onartu egin dute zentroaren itxieraren inguruko mozioa. Horrela honen itxieraren aurka azaldu da bilkura eta konpromisoa hartu du jarrera hau Lanbiden zein Jaurlaritzari jakitera emateko.
Agurrak
Gai zerrendako azken puntua da galdera eta erreguen txanda. Vanessa Velez PPko zinegotziak hitza hartu du eta “eztabaidarik gabeko bilkura” baliatu du agurtzeko. Vanessa Velez ez da PPko zerrendan izango eta beraz, gaurkoa izan da bere azken ohiko plenoa. Hunkituta eskarrak eman dizkie beste alderdietako kideei baita Udaleko langileei urte hauetan emandako laguntzagatik “eta momentu onak eta ez hain onak bizi izan ditugun arren, Lasarte-Oriaren alde egindako lanaz harro nago”.
Zaballosek hainbat galdera egiteke utzi ditu agurren txanda bat erraztu aldera eta jarraian hitza hartu du Pablo Barrio alkateak balorazio txiki bat egiteko “guztientzat urte bereziak izan dira hauek eta lau urte hauetan batzuetan gauza onak eta beste batzuetan okerrak egin ditugu denek. Akatsetatik ikasten ere jakin dugu”.
PSE-EEko Martin Moreno ere agurtu egin da. 29 urteren ostean, alderdi kideei eskerrak eman dizkie emandako laguntza eta babesagatik eta Froilan Elespe gogoratu du. “Herriaren alde gauza on asko egin ditugu sozialistok”.