Euskal Herriko 3. Batukaden Topaketa asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 12a, 15:42
Okendo plaza Euskal Herriko batukada taldeen erdigune bihurtuko da larunbatean. Euskal Herri osotik etorritako Zozongo, Buruntzantzan, Dinbi-Banda, Sambamaña, Beriba, Kumbalaye, Builaka, Zaparrada eta Batukale taldeek Okendo eta inguruak girotuko dituzte dinbi eta danba. Denera 170 perkusio-jole espero dira Lasarte-Oriako udalak eta Dinbi Bandak elkarlanean anbtolatutako ekintzan.

Aurtengo berrikuntza nagusien artean, lehen aldiz banakako izen ematearena da bat. Talderik gabe, norbanako batzuek izena eman dute Euskal Herriko 3. Batukada Topaketan parte-hartzeko. “Aurreko urteetako esperientzietatik eta eskakizunetatik jaso dugu aukera hau eta tailer batzuk antolatu ditugu parte-hartzaile hauentzat”, adierazi du  Mikel Olaiz Dinbi Banda aisialdi elkarteko kideak.

Udaletxearen izenean, Boris Nogales kultura zinegotziak azpimarratu du “plazerra” dela halako ekimenak bultzatzeko lan egitea: “Dinbi Bandak azken hiru urteotako erronkari indartsu eutsi dio, errekonozimendu bat merezi dute, bikain ari dira lanean, ea hurrengo urtean ere antolatzen duzuen”.  

Egitaraua

Goizetik hasita, gauerainoko egitaraua prestatu dute Dinbi Bandako kideek.

11:30 Haurren tailer irekia Porrotxen

10:30 Parte-hartzaileentzat ikastaroak

12:45 Haurren emanaldia

13:00 Txilibitu eztanda

13:10 Poteoa. Do Ta Ke txarangarekin.

14:30 Bazkari herrikoia

16:30 Ikastaroetako erakustaldia

17:30 Sanbodromoa erdigunean

18:30 Emanaldi nagusia

20:00 Topaketarako erritmo nagusia joko da

22:30 Skakeitan taldearen kontzertua

“Gure helburua batukada herrian zabaltzea da, eta bide batez primeran pasatzea, jakina. Horretarako Jarlgunerekin batera ekimena lantzen aritu gara, eta Gazte Klubekoek ere parte-hartuko dute”, adierazi du Estitxu Garmendia Dinbi Bandako partaideak.

Esker ona

“Oso pozgarria da gure proiektu honekin laguntzaileengana gerturatu garenean ateak zabalik sentitzea”, jarraitu du Garmendiak, “eskerrak eman Udalari eta topaketa egonkorragoa izateko euren alea jarri duten babesleei, guztiak gonbidatuta zaudete!”.

Dinbi Bandan eta Batukaden topaketan festa “euskalduna, anitza eta irekia” antolatu nahi izan dutela esanez amaitu dute eguerdiko agerraldia. Informazio gehiago nahi duenak batukadentopaketa.eus webgunean eta sare sozialetan topatu dezake.