Ostadar Gipuzkoako bigarren mailara igo da

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 10a

Ostadar Cecilia Fruta Denda Kebab Lasarte taldeak Orioko Alustiza Autobusak taldea garaitu eta bere helburua bete du, GIpuzkoako bigarren mailara igotzea.Bestalde, Ostadar Antonio Aroztegiak III. Nazionalean eta ISU Leihoak taldeak Gipuzkoako I. mailan osatu dute aurtengo sasoia. Sailkapenaren erdian amaitu dute denboraldia eta mailari eusteko helburua bete dute biek.

Bigarren mailako taldea dugu dagoeneko Ostadar Cecilia Fruta Denda Kebab Lasarte taldea. Gaur goizean Orioko Alustiza autobusak taldea garaitu 2-3 du Edu Menaren taldeak. 

Lasarte-Oriako taldeak errenta lortu du 0-2 jarrita eta ongi eutsi dio defentsan Orioko taldearen erasoei. Nahiz eta arbitrajea haien aurka joan, errenta mantentzen jakin dute. Urtzi Azpiroz eta Iñaki Lopez `Txampi'-ren lana azpimarratzekoa izan da, baita Josu Lopez atezainarena ere.

Gainera, garaipen honi esker, hurrengo larunbatean Gipuzkoako III. mailako finala jokatuko du Muxarraren aurka, Mons kiroldegian.

Bestalde, Iñaki Lopez `Txampi' pitxitxi izan da liga erregularrean, 30 gol sartuta.

Ostadar Antonio Aroztegia

Lasarte-Orian dagoen talderik onena da. Aldaz HKaren jarraipen gisa, III. Nazionalean lehiatu du aurten, Ostadar Antonio Aroztegia izenarekin. 

Zortzigarren egin dute lasarteoriatarrek hamahiru taldeko ligan, sailkapenaren erdian kokatuta, eta arazorik gabe eutsi diote mailari. Liga Laskorainek irabazi du 55 puntu eskuratuta. Herritarrek 31 batu dituzte. Bederatzi neurketa irabazi, lau berdindu eta 10 galdu dituzte. Golari begira, ate aurrean antzu xamar aritu dira, 61 gol besterik ez dituzte sartu 23 jardunalditan eta jaso berriz, 81.

“Mailari eusteko helburua bete dugu, egia da, baina pena pixka bat ere badugu, agian goraxeago gelditu gintezkeela ikusi baitugu amaieran... Azken minutuetan egin digute ihes puntu dexentek eta ate aurrean ere ez gara nahi bezain fin aritu. Datorren asteetan erabakiko dugu taldearen geroa, zenbat alta eta baja dauzkagun, zenbat diru dugun datorren urteko sasoiari begira... Gauza asko dira”, adierazi du Iñigo Jaka Ostadar Antonio Aroztegia taldeko jokalariak.

ISU Leihoak

Gipuzkoako I. Mailan ere izan dugu herriko ordezkari bat, ISU Leihoak hain zuzen. Hauek seigarren amaitu dute liga, igoerako playoff postuetatik zazpi puntura.

Hasiera irregular samarrak kondenatu ditu eta bigarren itzuli serioagoa egin arren,  ezin izan dute igoerako playoffera sailkatu. Dena den, urteko helburua bete dute, mailari eustea. Hamahiru neurketa irabazi, bi berdindu eta bederatzi galdu dituzte. Gol asko sartu dituzte, 94, baina jaso ere gehiegi goragoko helburuei begiratu ahal izateko, 93.

Javi Solchaga herritarrak denboraldiaren laburpena egin digu: “Lehen itzuli txarra egin genuen jokalarien lesio eta lan konpromisoengatik gehienbat, fitxa berriak egin behar izan genituen. Bigarren itzuli ona osatu dugu eta datorren denboraldirako indarrez gaude, ea iaz bezala playoffetan sartzea lortzen dugun”.