Estitxu Alkorta EAJ/PNV-ko alkategaia: “Zerbitzu publikoetan dena dago hobetzeko”

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 11

Estitxu Alkorta EAJ/PNV-ko alkategaiak bigarrenez aurkezten du bere hautagaitza Udal hauteskundetan. Legealdi honetan Udaleko Ogasun departamentua bere esku egon da, honek Udal kudeaketan esperientzia eman diola azpimarratzen zuen bere aurkezpenean.

Zeintzuk dira zure ustez Lasarte-Oriak momento honetan dituen beharrak?

Hiru gabezi “handi” izendatuko nituzke nik. Lehenengoa eta une honetan larriena, enplegu falta da eta enplegu falta horren atzean, zalantzarik gabe, industriaren garapen eza azaltzen zaigu. 
Bestalde, gaizki pasatzen ari direnenen aldetik, administrazioaren atentzio egokiago bat eta erantzun azkarrak aldarrikatzen ari dira. Eta hori dena, Udalaren kalitatezko antolaketa baten eskutik etorri behar du, ezinbestean. 

Eta hirugarren gabezi bat izendatu beharko banu, kirol azpiegiturei lotutakoa da. Kirola herri honetan hartzen ari den garrantziaz jabetu behar gara lehenbailehen; eta erantzun egoki bat ematea tokatzen zaio administrazioari, bai azpiegiturei dagokienez eta bai kudeaketari dagokionez.

Zein esparrutan eragin behar da gehien zuen ustez?

Industrializazioaren aktibazioan, zalantzarik gabe. 

Enpleguaren sustapenean lanean dabiltzan erakundeekin koordinazioan lan egiten badugu, hala nola, LANBIDE, Michelin Fundazioa, Merkataritza Ganbera edo eta Jaurlaritza, enpresa berriak herriko guneetara (Michelin eta Rekalde) erakartzeko aukera handiagoak izango ditugu. Enpresa berrien inplantazioek, enplegua sortzeaz gain, diru-sarrerak ekarriko dituzte eta horrekin batera, Lasarte-Oria biziberritu eta herritarren ongizatea eragingo dugu.

Ekonomia, merkataritza sustatu eta langabezia tasari erreparatuta zein neurri proposatzen dituzue?

Arestian aipatutako lan egiteko modua da gakoa. Harremanak sendotu behar ditugu gainon-tzeko erakundeekin, horiek baitira ekonomiaren eta enpleguaren sustapenean eskumenak dituztenak. 

Baina, Udaletik ere, gauza askotan lagundu dezakegu: ibaiertzean dauden poligonoak txukuntzen adibidez; ekintzaileak laguntzen, euren enpresak abian jartzeko guneak eskainiz; industriguneak garatzen (Rekalde eta Michelin); aisialdi eskaintzak sustatzen eta doako parkinak eskaintzen erosketak, herriko dendetan egiteko; Buruntzaldeako Garapen Agentzia sortzen, bailarako enpresei laguntza eskaintzeko, eta abar.  

Hirigintzari dagokionean, etxebizitza eta aparkaleku eskaintza herrian nolakoa da egun eta nolakoa beharko luke?

Etxebizitza berriak egingo diren neurrian, lurpeko aparkalekuak ere areagotuko dira. Nolanahi ere, gaur gaurkoz badaude erabili gabe dauden eta udal jabegokoak diren hainbat aparkaleku: Okendokoak, eta Michelin-go garaje itxiak adibidez. Okendon dauden ia 100 aparkalekuak alokairuan atera behar dira lehenbailehen, pleguak eta oinarriak duela hiru urte eginak baitaude. Eta Michelingo garajeei dagokienez, ur filtrazioak lehenbailehen konpondu eta saldu edo eta alokairuan atera beharko lirateke, gure ustetan.

Herrian dauden zerbitzu publikoei dagokienean, zer hobetu/indartu behar da?

Dena dago hobetzeko. Udal  baten gestioa, eskaintzen diren zerbitzu publikoetan islatzen da.

Eta hori izan da, zalantzarik gabe, legealdi honetako zulo beltza. 

Gestio ezin okerragoa, herritar guztion kaltetan: kale garbiketa, argiteria, kale konponketak, Oria elizaren mantenua, eskolen mantenua, asfaltatze lanak, parkeak, zebra bideak… dira, besteak beste, kudeaketa azkarrago eta egokiago bat eskatzen duten gaiak. Eta horren aurrean zer? Talde oso bat kudeatzeko gai den alkate-kudeatzaile bat behar dugu herri honetan.

Kultura alorrean, zeintzuk lirateke lan ildoak? Euskarak zein leku dauka? 

Kultura eta euskara oinarri oinarrizkoak dira. 

Gure proposamen artean hauek azpimarratuko nituzke: Udalak sortutako edukiak, herriko eragile eta eragile publikoen artean sistematikoki gizarteratzea IKTak erabiliz, sormen artistikoa eta kulturala bul-tzatzeko mezenasgoa sustatzea, euskararen erabilerarako sentiberatasun kanpainak bultzatzea, euskarazko kulturaren egitarau eta sustapen ekintzak lehenestea, legealdi honetan martxan jarritako “Bidegorria”ren egitasmoa bultzatzea eta Udal Liburutegia zahar berritzea. 

Eta kirolak?

Kirolak gure programaren zati handi bat hartu behar duela erabaki genuen. Etorkizuneko Lasarte-Oria irudikatzen dugunean,  gizarte kohesionatu bat, elebiduna, eta balore batzuetan hezitako pertsonez osatutako herri bat ikusten baitugu. Eta guzti hori kirolaren sustapenaren eskutik  etorri daitekeela pentsatzen dugu. 

Horregatik, bai kudeaketari dagokionez eta bai azpiegiturei dagokienez, hainbat proposamen zehatzak plazaratu ditugu, esate baterako:  kirol elkarteei bideratutako diru-laguntzen kudeaketa hobea eskaintzea, herrian dauden gimnasio pribatu guztiekin eta Hipika Miracamposekin, udal hitzarmenak bidera-tzea kiroldegiko bazkideentzak,  operazio urbanistiko koordinatu baten bitartez finantzatutako Michelingo instalazioen ondoan kiroldegi berri bat eraikitzea, aurten sortuko den diru-soberakinarekin finantzatutako atletismoko pistak izango dituen bigarren futbol zelaia Atsobakarren egitea, ur-kirolak sustatzeko Oria ibaian presa pneumatiko bat jartzea.

Zer iruditzen zaizu herriaren parte hartzea erabakietan eta ekimenetan?

Oso positiboa. Egia da, herritarrei erantzun azkarrak eta kalitatezko atentzio bat  eman nahi badiegu, ezinbestekoa dela alkate-kudeatzaile bat izatea eta talde eraginkor bat izatea gobernuan. Erabakiak hartzen jakingo duena, alegia. 

Horrek ez du kentzen herrian estrategikoak izan daitezkeen proiektutan (azpiegitura berri baten aurrean, urbanizazioa baten aurrean, etab), herritarren parte-hartzea bultzatu behar ez denik. 
Jakina! Baina guzti hori, ondo araututa eta landuta egon behar da aurretik, eta lan hori gaur gaurkoz, ez dago eginda.

San Pedro jaiak deszentralizatuak izan behar dute edo Okendok izan behar du gune bakarra?
Okendo gune nagusia izan behar du baina ez bakarra. San Pedro jaiak anitzak izan behar dira eta hauek auzo ezberdinetara zabaltzea positiboa bada ere, ez da nahikoa. Jaietako programan ere eragin behar dela uste dut, mota guztietako pertsonengana iristeko.


Zeintzuk dira finkatutako lehentasunak eta erronkak?

Lehentasunak: enplegua, kirola eta ongizatea. 

Estrategia: Oria ibaia eta urbazterren  birgaitzea eta Lasarte-Oriarentzako irabaztea. Kolektore berriak ibaiaren garbiketa eta ekosistemaren errekuperazioa ahalbideratuko du eta hori laguntzeko hobekuntzak egin beharko dira ibai-ertzean kokatutako industrialdeetan eta eremuetan, hala nola, Kotxerak inguruneko garapen urbanistikoa. Honek, gainera, Lasarte-Oria hiri moduan integratzea ekarriko du. 

Horrekin batera, Michelin aldean proiektatutako presa pneumatiko bati esker, uretako kirol diziplina berriak egin ahal izango dira. Oriako eremu industrialak txukundu ahal izango dira eta bide batez, Lasarte-Oriak ibaiari bizkar emateari utziko dio 

Alkate izatekotan zer da egingo duzun lehenengo gauza?

Antolamendu eta Kalitatezko Departamentua sortu Udalean eta horren bitartez, udal organizazio egituraren hobekuntzarako ekintzak bideratzea. 

Udaletxe bat, enpresa bat da, eta herritarra bere bezero nagusia. Herritarren ongizatea hobetu nahi badugu, kalitatezko zerbi-tzuak eskaini nahi baditugu, diru-laguntzak ondo kudeatu nahi baditugu, kontratazioak azkar atera nahi baditugu, estrategikoak diren azpiegiturak martxan jarri nahi baditugu, departamentu guztiak ondo koordinatuta egon behar dira eta arlo guztiak oso ondo “engranatuta”. Eta horretarako “makinan” inbertitzea ezinbestekoa da.

Nolako herria irudikatzen duzu lau urte barru zure zerrendak gobernatuko balu?

Aberastasuna eta herritarren ongizatea sortzeko gai den herri bat irudikatzen dut, oinarri sendo batzuetan eraikitako udal erakunde  batek lideratuta, elkarbizitza eta gizarte kohesioa jardunaren erdigunean izango duena, eta Lasarte-Oria bizitzeko leku erakargarri batean bihurtuko duena.