Barroko doinu ederrak Musika Topaketei amaiera emateko

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 9a, 11:30
Danok Kide elkarteak antolatzen dituen Musika Topaketen hamargarren edizioak amaiera ekitaldi ederra izan zuen atzo. Euskadiko Orkestrako kideez osatutako ‘Syrinx’ ganbera-musika taldeak Brigitarren komentuan kontzertu paregabea eskaini zuen.

Honetan, Italia edo Alemaniako gorteetan entzuten ziren barroko doinuetaz gozatu ahal izan zuten entzuleek. Izan ere, Vivaldi, Sammartini edo Telemann konpositore edo Benda biolin-jotzaile eta Quantz flauta-jotzaileen lanak izan baitziren Brigitarren komentuan.

Gainera, laukoteak barroko garaian erabiltzen ziren musika instrumentuekin jo zuen eta flauta, biolin, espineta eta fagotaren notak nahastu ziren lan ezberdinetan.

Carlos Rosat, Iciar Mugica, Mario Telenti eta Tomas Ruti Euskadiko Orkestrako irakasleek haien musika tresnekin duten trebetasuna erakutsi zuten emanaldia osoan zehar.

Hori dela eta, emanaldi amaieran, komentura hurbildu ziren herritarrek ongi eskertu zuten haien lana txalo zaparrada handi batekin .