Ibon Fernandez Iradiren askatasun eskaera baztertua

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 7a

Parisko Dei Auzitegiak atzera bota du Ibon Fernandez Iradiren kondena eteteko eskaera. Herritarrak pairatzen duen esklerosi anizkoitza eta espetxea bateragarriak direla deritzo, beraz, Lannemezango espetxean jarraitu beharko du. Bost egun daude orain Kasazio Gorteetan helegitea jartzeko. Lasarte-Orian zein Baionan ebazpenaren aurka eta Ibon aske uztearen aldeko mobilizazioak egin dira arratsaldean.

Ibon Fernandez Iradi herritarrak Lanemezanen jarraitu beharko du preso. Parisko Dei Auzitegiak bere azken ebazpena eman du eta Lasarte-Oriako herritarraren zigorra etetearen aurka agertu da orain Frantziako auzitegia.

Dei Auzitegiaren arabera, ezinezkoa da bere gaixotasunaren eboluzioa aurretik jakitea eta beraz, bere eritasuna ez da traba bat espetxean jarraitzeko.

Kasazio Gorteetan helegitea jartzeko aukera dago orain eta bost egun dituzte abokatuek horretarako.

Erabaki baten zain
2011. urtean hasi zen Fernandez Iradi esklerosi anizkoitzeko lehen sintomak pairatzen eta 2013. urteko urtarrilean eman zioten azken diagnosia. 

Gauzak honela, 2014ko martxoan zigorraren suspentsioaren eskaera egin zuten Ibonen abokatuek.

Ekainaren 20an Parisko epaitegiak zigorraren suspentsioa onartu zuen. Ibonen berehalako askatasuna behartzen duen osasun egoeraren larritasuna onartzen zen. Izan ere, bi osasun azterketek gaixotasun hau espetxearekin bateragarria ez zela zioten. 

Aldi berean, bere erabakiari egingarritasun guztia kentzen dion baldintza bat ezartzen zuen epaileak: Frantziar estatuan egoteko debekua indarrean mantentzen du. 

Baina fiskalak eta defentsak helegitea jarri zuten eta urriaren 30ean ebazpena eman behar zuen epaileak.

Urrian, berriz, beste mediku azterketa bat eskatu zuen epaileak presoaren osasun egoeraz sakontzeko epaia atzeratuz. 

Martxoaren 26an jaso zen mediku txosten bat eta honetan, berriz, espetxea eta gaixotasuna bateragarriak direla zioen.

Mobilizazioak
Ibon Fernandez Iradiren senide eta lagunek manifestazio deialdia egin zuten ostiralean eta herritar askok bat egin du gaur mobilizazioarekin. Okendotik atera eta herriko kaleetan barrena 'Giza eskubideak errespetuak izan behar dutelako, Ibon etxera' aldarria zabaldu dute. Fernandez Iradiren askatasuna eta larri gaixo dauden presoak etxera ekartzeko eskaera egin dute, manifestazioa euren irudiekin irekiz.

Egun “luzea eta gogorra” izan dela adierazi dute Presoen Lagunak taldeko kideek: “Prozesu luze baten beste puntu bat da. Aurretik entzun dezunean bai medikuen ahotan bai epailearen beraren ahotan gaixotasuna ez dela bateragarria kartzelarekin… Zergatik hirugarren hau? Hirugarren txostena eta epaiketa da. Honetan gainera zalantzazko balorazioa egiten du, aurrekoek garbi esan dutenean Ibonen gaixotasuna larria eta sendaezina dela… Latza da. Orain Kasazio Auzitegira iristeko bost egun daude. Auzitegi hori beste pauso bat da Europara iritsi ahal izateko. Baina zain egon behar hau, tentsio hau, gaixotasuna denborarekin larritu besterik egiten ez denean… Kinka horretan gaude. Baina ez dugu etsiko eta hilaren 16an ‘Libre eta bizirik, larriki gaixo dauden presoak kalera’ lelopean gaixotasun larriak dituzten presoen herrietan mobilizazioak egingo ditugu, giza eskubideak oinarri”.