Udaberriko festaren bigarren edizioa antolatu du Aterpeak maiatzaren 15ean. Iazko arrakasta ikusita, herriko komertzioek berriz kalera aterako dituzte euren produktuak bezeroak erakartzeko helburuarekin. “Herrian dagoen eskaintza zabala ezagutzera eman nahi dugu” esan du Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakariak agerraldian.
Dendetan eskaintza bereziak aurkitzeaz gain, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte Juan XXIII eta Zumaburu elizako plazetan 18:00tik 21:00tara. “Asmoa jai giroa beste auzoetara eramatea izan da Okendok ez ditzan ekitaldi guztiak jaso”.
Kalejiran ibiliko dira Ttirriki-Ttarrakako trikitilariak 18:30etatik aurrera “herriko kaleak euren doinuekin alaituz”. Jendea egun horretan kalera ateratzea nahi dute Aterpeako kideek.
Herriko eskolen laguntzarekin, haurrek udaberriaren inguruko marrazkiak egingo dituzte eta hauek Aterpeako denda eta tabernetan jarriko dira. Ormazabalek azaldu duenez, maiatzaren 15ean bere marrazkia non dagoen aurkitzen duten haurrek oparitxo bat ere jasoko dute. Beraz, gurasoak animatzen dituzte haurrak ibilbide honetan laguntzea. “Herritarrak gure kaleetatik mugitzea nahi dugu, auzo guztietatik pasatzea egun horretan eta ezagutzea bakoitzean dagoen eskaintza”.
Pablo Barrio alkatea izan da agerraldian eta halako ekimenak Udalak bultzatu behar dituela azpimarratu du. “Tratu on bat kanpainaren barruan asko dira ekimenak eta hau da gure herriko komertzio eta tabernak dinamizatzeko beste bat”. Herrian dagoen eskaintza indartu eta sustatu behar dela esan du. Dioni Avila teknikariak esan du, halako ekintza errazak pauso garrantzitsuak direla herri biziago baten alde.
Ormazabalek azpimarratu du, denda bakoitzak erabaki duela zein eskaintza egin egun horretan, horrela izanda, batzuek outleta egingo dute, beste batzuek deskontuak edota produktu jakin batzuen eskaintza berezia.
Dendak dira: Noaoa bidaiak, Alda, Mauxaren denda, Ormazabal loredenda, Aritza mertzeria, Donna, Olmi, Abreu, Alba, Bideo Lagunak, Orbela, Asmae, Sukoa, Iturbe, Maiane, Akene, Santana informatika, Okela, Zumaburu liburudenda, Arregi elektrizitatea, Urruzola mertzeria eta Josema. Tabernak berriz, Arkupe, Yolanda, Buenetxea, Bus eta Izurde.
Herritarrak ekimenean parte hartzera deitu dituzte.