Larunbat goizean, Lasarte-Oriako Musika eskolako trikitilariak Errenterian ospatuko den XII.Euskal Herriko Musika eskolen topaketan Musikaldian parte hartuko dute. Honetan 46 musika-eskolatik iritsitako 3.000 ikasle inguru egongo dira.
Herriko musika eskolako trikitilariek Xabier Olaskoaga plazan 10:00etan izango den hasiera ekitaldian joko dute.
12:00etan, aldiz, Galtzaraborda auzoan, Alegría- Dulantzi, Lourdes Iriondo, Doinua batukada eta Ondarroako trikitilariekin batera, kalejira alaian auzoa musikaz beteko dute.
Xabier Olaskoaga plazan egingo den bukaera ekitaldian ere izango dira Lasarte-Oriako trikitilari eta pandero joleak. Hau 14:00etan izango da.
EMUSIK entsegua
Bestalde, arratsaldean, 17:00etatik aurrera Anoetako estadioan izango dira EMUSIK 2016 ekitaldiko entsegu nagusian.
Bost mila musikaritik gora eta hainbat dantzari talde ariko dira bertan ordu betez entsaiatzen eta bertan izango dira Lasarte-Oriako musika eskolako trikitilariak ere.
Txanton Piperri (Buenaventura Zapirain), Europako Ereserkia, Raimundo Sarriegiren San Sebastian Martxa eta Musikatu Bizitza, herritarrei zabaldutako lehiaketa bitartez aukeratutako abestia, Garazi Zabaleta gazte beasaindarrak sortutakoa dira Anoetara hurbiltzen diren herritarrek entzun ahalko dituzten lanak.
Honetan parte hartzeko gonbidapena eskuratu behar da crowdfunding bidez. Bost euroko ekarpena eginez, pertsona bakoitzak gonbidapen bat lortuko du, eta 5 euro gehiagoren truke, jaialdiaren. Gonbidapenak larunbatera arte izango dira eskuragarri Fnac dendan (Urbieta, 9) baita sarean ere.
Ekimen hau, Europaren egunarekin bat eginez ospatuko da eta 2016ko maiatzan Donostian egingo den XII. Europako Musika Eskolen Jaialdiaren inaugurazio-ekitaldiaren aurrekaria da. Honetan nazioarteko 20.000 musikarik parte hartzea espero da.
Musika eskolako arduradunek aipatu digutenez, ikasleek, ekitaldi hauetan parte hartzeko, lan eta esfortzu handia egin dute.