Rallysprint eta igoeretan trabeska ibiltzeko autoak pronto

jon-altuna-egitegi 2015ko mai. 6a, 13:00
Pablo Muga, Iñaki Racamonde, Mikel Saez eta Benoat Barkaiztegiren kotxeak prest daude. Lasterketa gose dira. Motorren burrunba, kronoen tik-tak soinua eta gasolina usaina dituzte maite. Lerro zuzenik ez, beti trabes ibiltzen dira Euskal Herriko portuetako bihurguneetan euren autoekin. Banan bana aztertu ditugu igoera eta rallyesprintetarako herritarren asmoak.

Hauexek dira igoera edo rallyesprintetan parte-hartuko duten herritarrak. Udaberrian hasi eta azaroa bitartean irauten du denboraldiak, Euskal Herri mailan lehiatzen dute gehienbat.

Pablo Muga/Aimar Altuna
Citroen Saxo 16V bat prestatu dute. Lehenengo urtea da gazte lasarteoriatarrena. “Goierriko lehenengo karreran pieza bat hautsi genuen, palierra. Arreglatu dugu eta hilaren 16an Ñañarrin izango gara, ea oraingoan eusten dion. Hala ere, kotxearen sentsazioak onak dira. Kilometro gutxi egin dizkiogu eta puntua hartzeko ibili beharra dago, ez dago sekreturik. Indar handirik ez du autoak, 140 bat zaldi ditu, baina arina eta bihurguneetan azkarra da”, adierazi du Mugak.

Aimar Altuna aritzen da kopiloto lanetan: “Pena Goierriko Rallysprinteko bigarren maldan aberia izan genuela... Baina hasi besterik ez gara egin. Itsutu gabe, lasai, gure erritmoa hartu eta ahal den txukunen aritzea da asmoa, eskua egin eta kilometroak pilatuz. Aurrerago igoeretan bakarka ateratzeko asmoa dut, abuztua edo iraila aldera, Urrakin edo, BMW 325 batekin”.

Benoat Barkaiztegi
Fran Bujanek gidatzen duen Ford Sierra Cosworth autoko kopilotua da Benoat Barkaiztegi herritarra: “Denboraldia Azpeitian hasi genuen. Atera eta arazo mekanikoak izan genituen. Atzeko partean kolpea hartu genuen, bordilloa jo genuen, badakizu, ikuskizun pixka bat emateagatik arriskatu, atzetik joan eta kolpea hartu genuen. Ia ez dauka ezer, baina zaindu egin behar”, egin digu lehen kronika. “Kotxea ondo doa, pisu gutxi du. Potentea da eta zaldi dexente du, bastanteko jostailua da. Ikusleak gozatzea nahi dugu, baina denbora onak egiteaz ahaztu gabe. Hurrengo hitzordua Ñañarriko rally sonatuan daukagu, maiatzaren 16an”.

Iñaki Racamonde
Citroen AX Sport baten jabe da herritarra. Igoeretan ibiltzen da bera eta herriko pilotu entzutetsuena da. Orain autoari hobekuntzak egiten ari dela azaldu du: “1997 urtean hasi nintzen kotxe karreretan, slalom, rallyak eta igoerak egiten, 2002ra arte. Tarte horretan hiru kotxe eduki nituen (Ford Fiesta, Citroen AX GTI eta Citroen Saxo 16V) aurrezten joan naizen bitartean kotxe hobeak erosten joan naiz. Nik eduki dudan kotxerik onena Citroen Saxo izan da. Gero utzi egin nuen sei urtez eta berriro hasi nintzen 2009an igoerak egiten Citroen AX Sport batekin, kotxe honekin irabazi ditut sari gehienak, 2009, 2010, 2011, 2013 eta 2014ean lehena gelditu naiz Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketan nire klasean. Aurten berriro irabazten saiatuko naiz. Eskerrak familia osoari”, adierazi du Racamonde herritarrak.

Mikel Saez
Pilotu zaildua, bere Peugeot 205 rally autoraren bolantean bihurgune asko emandakoa da azken hamar urteotan: “Azken aldian ez dut fundamentu askorekin lehiatu, oraindik ez dut oso argi zer egin aurtengoan, lurreko rallyren bat agian. Peugeot 205 autoa 2004tik daukat. Kopiloto hasi nintzen eta kotxe hau lagunekin moldatu nuen rallyetarako. Beti eboluzionatzen joan gara, pixkanaka hobetzen, geroz eta azkarragoa eginez. Ez dut inoiz beste auto bat erostea pentsatu oso gustura nagoelako. Arintasuna da nire puntu indartsuena, potentzia faltan, bihurguneetan ongi moldatzen da. Gozatzea da beti helburua”.

Asier Goenaga
Jadanik erretiratuta badago ere, herriko rally munduan aitzindari izan zen Goenaga Peugeot 206 GTI batekin, duela gutxi famili konpromisoengatik utzi behar izan zuen arte.