Arkaitz Naya Lasarte-Oriak Ahal Du-ren alkategaia: "Giza babesa da lehentasuna"

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 4a

32 urteko lasarteoriatarra dugu Lasarte-Oriak Ahal Du hautesle elkarteko alkategaia. Produktu eletronikoen garapenean goi-mailan titulatua da eta erosketa kudeatzaile bezala lan egiten du. Lasarte-Oriak Ahal Duk bere lehen aldia du udal hauteskundeetan eta hautagaia bozka bidez erabaki zuen.

Zeintzuk dira zure ustez Lasarte-Oriak momentu honetan dituen beharrak?
Lasarte-Oriako behar nagusia da, besteak beste, herritarrak orain arte herria kudeatu duten alderdiek aurrera eramandako politiken ondorioz herrian dagoen geldialdi maila eta garapen eta bultzada ezaz kontziente izatea da.

Lasarte-Orian politika egiteko modua aldatzea beharrezkoa da, politika jendearentzat berreskuratuz eta erakundeak guztien onerako lan egiteko tresnak eraikiz. Gardentasunean, parte-hartzean eta aldaketaren borondatean oinarritutako politikak.

Era honetara bakarrik bermatuko dugu lasarteoritarren ongizate-estatua. Era honetara bakarrik geldialditik atera eta esparru guztietan erreferente izatera eramango duen jauzi kualitatiboa eman ahalko dugu.

Zein esparrutan eragin behar da gehien zuen ustez? 
Herritarren partehartzean. Gu geuk lasarteoriatarrok gure herriaren garapenean aktiboki parte hartzeko beharrezko errekurtso eta bitartekoak izan ditzagun. 

Ekonomia, merkataritza sustatu eta langabezia tasari erreparatuta zein neurri proposatzen dituzue?
Aurrekontuan hamar pertsonen kontrataziorako 200.000 euroko partida bat esleituko dugu. Hauek sei hilabetetako kontratuak izango lirateke eta beharrezkoa den lekuetan  herriko mantenu lanak egiteko bideratuko ditugu.

Ekonomia soziala oinarri duten enpresen eraketa sustatuko dugu. Pertsona ekintzaileak eta langile autonomoak lagunduko ditugu. Herriko komertzioa babestuko dugu fiskalitatearen bidez eta berrindartzeko ekimenak sustatuz, Lasarte-Oriako komertzioek herrian lana sortu ahal izatea dugu helburu. Michelinen kafetegi zerbitzua ezarriko dugu.

Hirigintzari dagokionean, etxebizitza eta aparkaleku eskaintza herrian nolakoa da egun eta nolakoa beharko luke?

Eustatek (Euskal Estatistika Erakundea) eskainitako azken datuen arabera Lasarte-Orian 700 bat etxebizitza daude hutsik. Aparkalekuari dagokionez, ez da beharrezkoa gure herriko hainbat eremuetan kotxeak aparkatzeko dauden arazo larriak lasarteoriarrei azaltzea.

Krisia eta higiezinen burbuilaren eztanda dela eta, alokairua hipoteka baino aukera hobea dela indartu da. Lasarte-Oriak Ahal Duk etxebizitza hutsen alokairuaren alde egingo du. Gure herria etxe kaleratzeetatik libre egoteko moduak aztertuko dira. Etxeak berritu eta igogailuak jartzeko plana berezi bat ezartzeko aukera aztertuko da.

Aparkalekuari dagokionez, berriz, Lasarte-Oriak Ahal Duk aparkaleku publikoko eremuak eratzea sustatuko du.

Herrian dauden zerbitzu publikoei dagokienean, zer hobetu edo indartu behar da?
Lasarte-Oriak Ahal Duk gure herriko zerbitzu publikoak hobetzea eta sendotzea  beharrezkotzat jotzen du. Ikastetxeetako eta kirol instalazioetako mantenua beharrezkoa da. Egoitza publikoak optimizatu behar ditugu, hala nola, Gaztelekua kultura eskaintza erakargarri eta parte hartzailearen bidez.

Emakumeen Zentro Zibikoa bultzatuko dugu, berdintasun erreala lortzeko errekurtsoak ezarriz. Era berean, proiektu berriak sortu edo hauetan parte hartzea bultza-tzen duen asoziazionismoa sustatuko dugu.

Kultura alorrean, zeintzuk lirateke lan ildoak? Euskarak zein leku dauka?
Lasarte-Oriak Ahal Duk kultur aniztasuna, kultura demokratikoaren garapena eta kultura ekipamendu eta gune berriak eratzea sustatuko du. Kultura aniztasuna kontutan duten, ekimen kultural, artistiko eta sortzaileak lagunduko ditu. Auzoak, kaleak eta plazak gune soziokulturalak izatea sustatuko dugu. Herri inguruko auzoetako jaiak berreskuratuko ditugu. Euskarari dagokionez, kultura ondarea da eta hau babestu behar dugu, politizatu gabe edo onura politikoa eskuratzeko tresna modura erabili gabe.

Euskararen erabilera eta ezagutza sustatuko dugu eta Udalak bi hizkuntzatan egingo ditu argitalpenak.

Eta kirolak?
Kirola lehen mailako hezkuntza elementua da eta osasun iturri. Lasarte-Oriak Ahal Duk kiroldegia berregin edo berria egiteko konpromisoa hartzen du. Erabakia herri kontsulta bidez hartuko litzateke. Gimnasioko makinak eta tresnak berehala berritzeko, futbol eta errugbia egiteko kirol gune berria egitea aztertzeko,  kirol elkarte eta guraso elkarteei laguntza handitzeko eta entrenamendu orduetan kirol federatu edo eskola kirola egiten duten 16 urte azpiko haur eta gaztetxoek udal instalakuntzen doako erabilera izateko konpromisoa hartzen du. 

Zer iruditzen zaizu herriaren parte hartzea erabakietan eta ekimenetan?
Lasarte-Oriak Ahal Duk sistema demokratiko batean herritarren parte hartzea funtsezkoa dela uste du. Dudarik gabe, herritarren erantzukizuna eta kontzientzia nabarmenduko ditugu. Herritarrak kontzientzia izan eta guztioi dagozkigun gaietan parte hartzeko ardura hartu beharko luke. Gaur egungo ordezkariak dituen demokrazia honetan herritarra zein alderdi politiko bozkatu nahi duen erabaki-tzean da bakarrik protagonista eta lau urteetan bigarren mailan dago, ikusle soila da. Guk, Lasarte-Oriak Ahal Duk herria protagonista izatea nahi dugu eta horretarako auzo elkarteak sustatuko ditugu, hauek zinegotzigo bakoitzean parte-hartze politikak martxan jartzeko. Herriarentzat garrantzitsuak diren gaietan, horrela badagokio, erabakitzeko herri galdeketa loteslea ezarriko dugu eta aurrekontuetan gastu publikoaren erabilera finkatu eta lehentasunak erabakitzeko parte-hartze sistema bat ezarriko dugu.

San Pedro jaiak deszentralizatuak izan behar dute edo Okendok izan behar du gune bakarra?
Lasarteko herria San Pedro ermitaren inguruan sortu zen. Herrian Lasartearren dorretxea zegoen, beranduago Okendo bezala ezagutuko zena eta hainbat oinetxe. Hainbat mende igaro dira eta gure herria Lasarte-Oria da gaur egun. Mende hauetan zehar, auzo ezberdinak sortu eta garatu dira guztiak Lasarte-Oria barruan. Horregatik San Pedro jaiak deszentralizatzearen aldekoak gara. Izan ere, auzo guztiak herriaren parte direla sentitzeko era bat baita.

Zeintzuk dira finkatutako lehentasunak eta erronkak?
Gure lehentasunak giza babesarekin daude lotuak. Hori dela eta, pertsona eta familia ahulei zuzendutako herritarren erreskate plana egingo dugu. Lasarteoriatar guztiek bizitza duina izatea ziurtatu behar dugu. Hori guztia, gardentasunean eta aldaketa nahian oinarritutako politika eginez.  

Gure erronka nagusia Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek Lasarte-Oriako herritarren onerako elkarrekin lan egitean datza. Erronka honek ez du Udalean egon den alderdirik oraindik gainditu.

Alkate izatekotan zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Lasarte-Oriak Ahal Duk alkatetza eskuratzen badu, lasarteoriatarrena izango da alkatetza. Horretarako, lehenik gure herriari ahotsa eta bozka emateko herritarren parte hartze araudia egin eta onartuko genuke.

Nolako herria irudikatzen duzu lau urte barru zure zerrendak gobernatuko balu?
Garapen bidean egongo den lasarteoriatarrek kudeatutako Lasarte-Oria.