Erromeria goiz ederra Azkorten

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 3a, 17:12
Aurtengoan Urnietako udalak eta Ttakunek, Lasarte-Oriako udalaren laguntzarekin, bat egin dute erromeriaren antolaketan Santa Krutz eguna ospatzeko. Goizean goizetik asko izan dira bi herrietatik autobusez edota oinez Azkorteko baselizara igo diren herritarrak.

Azkorteko baseliza jendez bete da gaur. Antolatzaileak euriaren beldur baziren ere, azkenean egitarauan zeuden ekintza guztiak egin ahal izan dira.

Goizean goiz abiatu dira bi herrietatik herritarrak Azkorterantz. Batzuk oinez eta beste batzuk bi herrietatik atera diren autobusetan. Lehenengo hitzordua gehienentzat meza nagusia izan da. Bertan txistulariek ere parte hartu dute eta aurtengoan, jendea kanpoan edota zutik egon behar izan du sermoia entzuten. Izan ere, bi herriek lehenengo aldiz urte askotan bat egin dute jaiaren antolaketan eta hori nabaritu egin da.

Mezatik atera eta Ttirriki-Ttarraka trikitixa eta pandero eskolakoek jaia girotu dute. Hamaiketakoa egin eta musikaz gozatuz dantzara animatu direnak ere izan dira.

Herri kirolak

Ohi bezala, ikusmin handia eragin du herri kirolen erakustaldiak. Lasarte-Oriako Urtzi eta Beñat Telleria harri jasotzaileekin, 29 eta 19 urte, aizkoran Julen Cañamares 25 urteko Arostegiarra eta 28 urteko Ugaitz Mugertza mutrikuarra izan dira.

Aizkolariak hasi dira lanean. Hauek egur bana moztu dute nork kolpe gutxiagotan. Ugaitzek 57 kolpe emanda gailendu da, Julenek 60tan lortu du eta. Jarraian, Urtzi Telleriak 150 kg-ko kuadro zaharrarekin hiru jasoaldi egin ditu. Azkolariek berriz, egurra nork azkarrago moztu egin dute eta honetan ere Ugaitzek bukatu du lehenengo 50 segundotan enborra moztuz. Hamar segundo inguru atera dizkio mutrikuarrak Cañamaresi. Beñat Telleriak 138kg-ko zilindro zaharra lautan jaso du.

Ondoren proba konbinatuan aritu dira bikoteka, Beñat eta Ugaitz eta Urtzi Julenekin batera lanean. 113kg-ko kubikoari lau jasoaldi eta egur bat moztu behar izan dute sei alditan. Amaieran trontzari sei korte eman behar izan dizkiote.

Proba osoan zehar Beñat eta Ugaitz aurretik joan diren arren, trontzan iaio aritu dira Urtzi eta Julen eta azkenean, hauentzat izan da garaipena. Ikusleek txalo zaparrada luzearekin saritu dituzte.

Bertsolariek eman diote amaiera erromeriari, Anjel Larrañaga eta Patxi Etxeberria izan dira oholtzan goizak emandakoaren inguruan. 

Goizeko argazki bilduma.