LOKEko gimnastek hiru podium lortu dituzte Bergaran, amateurren 2. fasean

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 30a

Maite Ruedaren neskak sasoi betean daude. Hiru podium eskuratu zituzten pasa den asteburuan Bergaran, amateurren 2. faseko lehiaketan.

Taldeka, senior A taldeak bigarren postua erdietsi zuen bost uztailekin egindako lanarekin. Talde honetako partaideak Aizpea Arroyo, Ane Loiarte, Maria Millan, Ane Ayestaran, Ainara Zubeldia eta Garazi Gomez dira.

Jubenilen A taldeak hirugarren postua lortu zuen mazekin. Alazne Gonzalez, Nora Fabian, Gabi Parga eta Haizea Gomez dira talde honetako kideak.

Azkenik, Kadete B taldeak ere brontzea kolkoratu zuen, bi baloi eta hiru uztaiekin egindako proban maila handia emanda. Talde honetan, Naroa Sanza, Arian Martinez, Marta Apeztegia, Maria Otxandorena eta Julene Rodriguez aritzen dira.

“Zer esan... Ezin dugu kexatu, oso pozik gaude entrenatzaile guztiak gure nesken lanekin, jarrera bikaina erakusten ari dira”, adierazi du Maite Rueda LOKEko prestatzaileak.

Banakako probetan ere emaitza onak lortu zituzten. Senior A mailan, Aizpea Arroyo 6. izan zen zintarekin eta Garazi Gomezek berriz, 8. postua lortu zuen proba berean. Jubenil B kategorian, Ainara Apeztegia zazpigarren izan zen zintarekin. Naroa Sanzek azkenik, 13. postuan amaitu zuen uztaiarekin egindako saioa kadete A mailan.