Izen-emate epea zabalik dago atzotik aurrera. Udal Kiroldegira hurbildu daitezke euren seme-alabak apuntatzeko interesa duten gurasoak. Plazak mugatuak direnez, inskripzio hurrenkera errespetatuko da, beraz, azkar ibiltzeko gomendatu dute.
Bi txandatan banatuko dira gaztetxoak. Ekainaren 24tik uztailaren 10era izango da lehenengoa eta uztailaren 13tik 24ra bigarrena. Goizeko 9:30-13:00etara dira saioak, Udal kiroldegian. Udalekuen prezioa 150 eurokoa da eta taldeak gehienez 20 partaidekoak izango dira.
Hamaiketakoa, bidaiak eta materiala prezioaren barnean sartuta daude. Kirol udalekua amaitzean, oroigarri bat jasoko dute denek opari. Egingo diren irteerak Buruntzaldeako ibilbideetan barrena eta hondartzara izango dira.
Informazio gehiago jaso nahi duenak kiroldegiko bulegoetan du aukera, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 19:00etara.