“Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko”

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 29a, 22:55
Dantzaren nazioarteko eguna da gaur eta herriko hainbat dantza eskolek saio berezia eskaini dute Okendon. Bertan, Kukuka, Semblante Andaluz, Erketz eta Amaia Gonzalezen eskolako ikasleek hainbat pauso erakutsi eta dantzan jarri dituzte herritarrak.

Dantzaren nazioarteko egun honetan herriko hainbat dantza eskoletan egiten den lana ikusi ahal izan dute herritarrek Okendo plazan. Kukukako dantza eskolakoek dantza garaikideko hainbat pauso erakutsi eta dantzatu dituzte, Semblante Andaluzeko taldeetako batek, sevillana bat erakutsi du, Erketzekoek dantza arabar baten zatitxo bat ekarri dute plazara eta Amaia Caballeroren ikasleek berriz, ‘rueda cubana’ bat eskaini dute.

Irakasleek pausuak azaldu eta nahi izan duten herritarrek hauek ikasi eta dantzatu ahal izan dituzte. Giro ederra sortu da Okendon eta dantzari trebeekin batera, ederki moldatu diren herritar hasi berriak izan dira.

Erakustaldi guztien ostean, Israel Galvan koreografoak gaurko idatzitako manifestua entzun ahal izan da. Honen hitzek lagunduta, koreografia polita eskaini dute Maider Oiartzabal eta Marta Ortega Kukukako irakasleek ekitaldiari amaiera emateko.

Hemen jaso ditugu ekitaldiaren argazkiak.