Denis Itxaso PSE-EEren ahaldungaia herrian

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 25a

Hilabete eskas falta da hauteskundeetarako eta alderdiak euren hautagaitzak eta proposamenak jendarteratzen ari dira. Horixe egin zuen PSE-EEk ostiral iluntzean Villa Mirentxun. Jesus Zaballosek herritarrei “bilkura irekira” etorri izana eskertu eta euren ekarpenak egiteko gonbitea luzatu zien.

Aurretik ordea, Denis Itxaso ahaldungaiak hartu zuen hitza. “Gipuzkoako alkate” izatea gustatuko litzaiokeela adierazi zuen, “gertukoa eta kalekoa, Ana Urchueguia eta alboan daukadan Jesus urte luzez izan diren bezalaxe”.

Gipuzkoa lurralde txikia izanik, “metropoli handi baten antza” duela azaldu zuen eta garrantzitsua dela etorkizunari begira azpiegiturak sendotzea, “batez ere garraio publikoaren alorrean”.

Lasarte-Oriari dagokionez, gobernu sozialistaren garaian egindako "topoa, anbulatorioa eta egitarau kulturala” nabarmendu zituen Itxasok eta entzuleei galdegin zien Bilduren udal gobernuak legegintzaldi honetan egin duen “iteres publikoko ezer” zerrendatzera. 

Era berean, Gipuzkoako PSEren nahia “adostasunak bilatuz aurrera egitea” dela adierazi zuen Itxasok eta euskara eta zaborren kudeaketaren gaiak ezin direla “inposizioz” tratatu azpimarratu zuen. 

Azkenik, enpresen egoera hobetzearen eta pentsioen geroaren alde lan egiteko nahia ere azaldu zuen.

Herritarren galderak
Bigarren fasean, herritarrek euren ekarpenak egiteko aukera izan zuten. Besteak beste, Jubilatuen Etxeaz, gazte langabetuei emango zaizkien laguntzez eta aurrekontuen betetzeaz galdetu zieten bi hautagaiei. 

Denis Itxaso eta Jesus Zaballos hautagaiek programan hartutako konpromiso guztiak beteko dituztela agindu zieten lasarteoriatarrei.