EH Bilduk hauteskundetarako programa aurkeztu du egoitza berrian

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 24a

Herriko EHBilduk hauteskundetarako programa aurkeztu du Beko Kaleko egoitza berrian. Parte hartzea, gardentasuna eta erantzukizuna dira Pablo Barrio alkategaiak azaldu moduan, ardatz nagusiak.

Pablo Barrio alkategaiak herritarrengandik hurbilago egoteko helburuarekin egoitza zabaldu dutela adierazi du arratsaldean egindako agerraldian. Egoitza hau Beko kale 4. zenbakian izango da zabalik astelehenetik aurrera, 11:00tik 13:00ra eta 17:00tik 20:00ra. Horretaz gain, alderdiaren programa azaldu dute.

Kanpaina eta EHBilduren programari dagokionez, “gure jardunean gardentasun eta konfiantza osoz aritzea herritarren bistara ezinbestekoa da gure eguneroko lanean udaletxean eta kanpainan ere hala izatea nahi dugu” azpimarratu du Barriok.

Lasarte-Oria “herri bizia irudikatzen dugu, herri parte hartzailea, aktiboa, koloretsua, guztiona. Guztion eskubideak kontutan hartuko dituena eta guztiok bizitza duina izan dezagun bermatuko duena”.

Herritarren parte hartzea eta bilera irekiak udal erabakien oinarri izateko asmoa azaldu dute, “benetako demokrazia herritarrak eguneroko erabakietan parte hartzean baitatza”.  

Bestalde, udal jabetza eta ekonomiaren kudeaketa txukuna egitea da EHBilduk hartzen duen konpromisoa, “herria zegoena baina hobeto utzi, aurreikuspen zorrotzak eginez diru sarrera eta irteeretan, diru xahuketa burugabeak egin gabe, zorrak kitatu eta arduraz inbertituz”.

Gizarte Zerbitzuak dira programan lehentasuna, “egoerarik larrienak bizi dituztenei gutxiengoa bermatzea bizitza duina izan dezaten” aipatu du Barriok. Horretaz gain, kale garbiketa indartzea, kirolean diru-laguntzak handitzea edota elkarteei ahalik eta erraztasun handienak ematea dira programan aurkezten dituztenak.

“Herritarrek garbi azaldu dute, zein izan behar den gure lehentasuna, Kiroldegi berria. Azken urteotako inbertsiorik nagusiena izango da, izan ere, Hirigintza Sailaren kalkuluen arabera 7 milioi euroko gastua suposatu dezake”. EHBilduk  herritarrekin eta kirol eragileekin ekipamendu berriaren kokagunea adostu eta hurrengo hiru urteetan eraikitzea proposatzen du.

Auzoak izango dira bigarren jo puntu, “Sasoetako auzoa biziberritzen ari gara  herritarrekin lan eginez.  Gure asmoa gainontzeko auzoetan inbertitzea da baina bertan bizi diren pertsonekin lan eginez. Eredu horri jarraituz Zumaburuko Erriberako etxabeen berrantolaketa landu nahi dugu, Oztaran-Basaundi-Oria urrutiko auzuneei autonomia handiagoa emango dien ekipamenduak adostuko ditugu, Zabaletako auzo elkartea eraiki nahi dugu eta bizitza soziala indartuko duen gune estali bat eraiki nahi dugu Erdigunean”.

EHBilduren ildo estrategikoak lirateke, tokiko ekonomiaren oinarri den gertuko hirugarren sektorearekin eta merkataritza txikiarekin lanean jarraitu eta ekintzaileei aukera berriak ireki; elkarbizitzan aurrera pausoak eman eta aniztasuna balorean jarri eta azkenik, elkarteen aldeko apustuak egiten jarraitu Udalaren baliabideak eskainiz “gure herriari beraiek ematen baitiote bizia”.

Programa laster banatuko da etxeetara baina “programa guztia bertan sartzen ez denez auzoz auzo eta elkartez elkarte proiektuak sakonean azaltzen saiatuko gara kanpaina honetan”.

Bukaeran, herritar askok bozkatzera gertura ezingo dutela kontutan hartuta, posta bidez egin nahi dutenei informazioa jasotzeko hiru aukera eskaini dizkie alderdiak: 652 74 87 17 telefonora deituz, lasarte@ehbildu.eus helbidera idatziz edo bulegotik pasatuz.