Gutxi dira batere hauteskunderik gabeko urteak. Batzuk Europara begirakoak dira, beste batzuk Gasteiz edo Iruñako parlamentuetarakoak eta berdin udal, batzar nagusi edo Bruselarako ordezkariak hautatzekoak, Madrilerakoak ahaztu gabe. 

Baina aurtengoa gutxitan gertatzen da: urte bakarrean bost bozketa dira gutxienez: Lasarte-Oriako udalbatza berria erabakitzekoak, Kongresurakoak, Iparraldeko kantonalak, espainiar estatuko hauteskunde orokorrak, Kataluniako hauteskunde ia-ia plebiszitarioak eta pasa diren Andaluziakoak. 

Politikoki urte nahasia eta zaila beraz zalantzarik gabe, besteak beste, orain arte adiskide izan diren alderdiak elkarri mokoka hasten direlako eta eginkizunen lehen lerroan arerioaren gainetik agertzea delako.

Partidu politikoen jarduna eten egiten da orduan? EZ! Galia osoa menderatua du Zesarrek? EZ! Bada eginkizun bat hauteskunde bezperatan areagotu eta modu harrigarrian puztu egiten dena: herrilanena! Donostia dugu lasartearrok metropoli. Ez al da harrigarria lau urte horretarako izan eta errepide lanak egunotan metatzea? 

A, ez da Donostian bakarrik gertatzen. Alderdi guztien joera bitxia da hori. Estrategia horrek botorik emango balie gobernu ezberdinei, ez luke horrek gure oso alde hitz egingo.