Hauek azaldu dutenez, likidazio positiboa, superabitarekin amaitu du Udalak 2014. urtea. Horretaz gain, 2015erako aurrekontu proiektua aurkeztu eta onartuko dela iragarri dute, "hemendik gutxira onartuko den aurrekontua eta dagoeneko korporazioaren gehiengoaren babesa duena". “Gutxiengoan aginduta, lau urte hauetan aurrekontuak beste alderdiekin adostu eta kudeatzeko gai izan gara. Beraz, oso gustura gaude egindako lanarekin. Elkarlanean oinarrituta, herritarrentzat onuragarria dela uste dugu eta gehiengoaren nahia dela uste dugu”.
2014ko likidazioari dagokionez, udaleko ekonomia “saneatu” dela aipatu dute, horrela, “krisi garai honetan hirigintza jardueragatik ia diru sarrerarik jaso gabe”, udaleko zor bizia %64 murriztu da, lurralde historikoan dauden udalerrien artean Lasarte-Oria osasuntsuenetakoa dela ere aipatu dute. Lau urte hauetan Kutxari eta Aldundiari ordaindu beharreko 4,8 milioiko zorrari egin zaio aurre, eta egun 2,6 milioikoa da ordaintzeke geratzen dena.
Inbertsioak
2014an 2,7 milioiko superabita izan denez, honekin hainbat inbertsio egiteko proposamena luzatuko du udal gobernuak, Donostia eta Lasarte-Oria lotzen dituen bidegorriaren azken zatia egiteko baliatu nahi dira 76.000 euro, Zumaburuko eskolan hobekuntza lanak egiteko 400.000 euro, Zabaletako auzo elkartea eraikitzeko 120.000 euro, jubilatuen etxean hobekuntza lanak egiteko 50.000 euro, Okendo plazan komun publiko bat jarri eta biltegi bat jarriko dira 57.000 euroko kostua izango dutenak, Kultur etxeko suteen aurkako sektorizazioa egingo da 100.000 euro baliatuz eta hauetaz gain beste inbertsio txiki batzuk ere egingo direla aipatu dute, emakumeen zentroan, Michelingo garajeetan etab.
2015eko aurrekontuetan bestalde, guztira 21 milioi eurokoa da aurrekontua, gastu handiena udal zerbitzuetara bideratuko da, zenbaitetan gizarte zerbitzuena kasu, partida handituz. Inbertsioen atalean proposamena da, kale Nagusia, Sasoeta ibilbidea eta Pintore kalearen asfaltatze lanak egitea 473.000 euro bideratuz, Sasoetako bajuak eraitsi osteko urbanizatze lanak 375.000 euroko kostua izango dutenak, argiteria publikoa hobetuko da 50.000 euro baliatuz, kirol instalazioak hobetuko dira 41.000 euroko partidarekin, kultur etxeko ekipamendu teknikoaren hobekuntza ere proposatzen da 54.450 euroko gastuarekin eta azkenik, Manttangorri zerbitzua Mugi txartelan sartzeak 35.900 euroko kostua izango luke.