Motorrak berotu eta buruek martxa hartzeko bertsolari gazteenek bi bertso saio antolatu dituzte. “Txapelketan parte hartu behar dugun gazteentzat probaleku edo jendaurreko entrenamentu gisa izango dira”.
Saioak
Lehenengoa, Lasarte-Orian izango da gaur arratsaldean 19:30etik aurrera, Jalgi Kafe-antzokian.
Honetan Eñaut Martikorenak, Izarne Zelaiak, Eli Pagolak, Unai Gaztelumendik, Mikel Artolak eta Ane Labaka herritarrak kantatuko dute. Gai-jartzaile lanetan Uxue Loinaz izango da.
Bigarren saioa, berriz, Hernanin izango da. Apirilaren 30ean, osteguna, Oier Iurramendik, Amaia Iturriotzek, Maider Arregik, Iker Osak eta Earra! Bertso eskolako Beñat Iguaranek eta Asier Azpirozek hartuko dute parte.
Saioetan bertso txapelketako ariketa berdinak egingo dituzte. Binaka zortziko txiki eta handian, hamarreko txikian, lauko handiko lau kopla eta Iparragirreren doinuaren molde berrian (AABBAA) arituko dira. Kartzelako lanetan berriz, zortziko txikian erantzungo diete bi punturi, azken aurreko puntua emanda, gehienez 5 puntuko neurri handiko bertsoa osatu beharko dute eta gaia emanda, nahi den neurria bina bertso bota beharko dituzte.
Earra! Bertso eskolako kideek bertso zaleak eta herritarrak gonbidatzen dituzte saio hauetara hurbiltzera.