Iñaki Errok bihotzeko gaitz larria izan zuen eta espetxeko sendagile eta funtzionarioekin orduan egon zen harreman eta tratuaz mintzatu zen bart kultur-etxean Ibonen Lagunak taldeak antolatutako solasaldiaren baitan. Honen esanetan, “mediku eta gaixoaren artean ez da konfiantzarik egoten eta horrek ez du bermatzen zaintza eta zerbitzu ona”. Esaterako, urgentziazko eta gaueko mediku zerbitzua orokorrean, txarra dela esan zuten eta botikina espetxe askotan “zaharra eta eskasa”.
Ospital penitentziarioak eta atentzio espezializatua ordea, ez dela txarra aipatu zuten bi hizlariek. "Txarrena" dira froga medikuak egiteko baldintzak, trasladoa, nola sartzen den kontsultara, esplorazioan poliziak egotea, medikuarekin intimitate eza. “Mingarria da”.
Hernandok esan zuen "kalean gaixo egotea astuna bada. Espetxean dena astunagoa da, beste gaixotasun baten iturburua ere izan daiteke". Izan ere, “gaixotasunen aurrean, izugarrizko bakardadea sentitzen du presoak, ez balitz beste preso batzuen babesagatik, psikologikoki oso zaila da eramatea”.
Errok azpimarratu nahi izan zuen, “espetxean ondoezik bazaude funtzionarioari esan behar diozu, berak baloratzen badu ez diola sendagileari ezer esango, ez daukazu zereginik. Bere eskuetan zaude”.
Bestalde, garrantzitsutzat jo zuten kanpotik zenbait medikuk eskaintzen duten laguntza. Hauek askotan Hernandok esan bezala, tresna gutxi dituzte preso dagoen gaixoari laguntzeko, “senideek transmititzen dizkigute sintomak eta saiatzen gara espetxeetako medikuekin hitz egiten baina batzuetan denbora asko behar izaten da. Frogak eskuratzea ere prozesu luzea izaten da. Hala ere, Errok esan bezala, eurengan arreta jartzea dakar kanpoko jarraipen horrek "kartzelako medikuak konturatzen direnean kanpoko sendagilearen jarraipena daukazula, presioa sentitzen dute."
Ibonen egoeraren kasuan, “gaixotasuna larria da eta ez du sendabiderik”. Hernandok esan zuen botika fuertea hartu behar duela. “Horrelako kasuek ez dute espetxean egon behar, halakoetan espetxetik ateratzen dira. Presoak baldintza egokietan egon behar du, familia inguruan, tratamendua hartu eta gaitzari aurre egiteko". Solasaldian Ibonena ez dela kasu bakarra adierazi eta beste 10 preso bere egoeran daudela esan zuten.
Maiatzaren 7an emango du jakitera epaileak Ibon Fernandez Iradiren inguruko erabakia eta bere lagunek ekintza ezberdinak antolatu dituzte honen eta larri gaixo dauden presoen egoera salatzeko.