Xumelaren euskal doinuak Galiziara

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 21a, 12:45
Xumela koruko kideak atzo arratsaldean Galiza taberna aurrean bildu ziren hurrengo astean Galiziara egingo duten bidaiari buruz berri emateko. Bidaiaren aurrekari gisa, motorrak prestatzen joateko, igandean galiziar kutsua izango duten hamaiketako, kalejira, emanaldi txikia eta plaza dantza saioa izango dira.

Xumela koruko lagunak Zarauzko Montetxio eta Hondarribiko Olagarro koruekin batera maiatzaren 1eko zubiaz baliatuz Galiziara egingo dute bidaia.

Koruko kide eta lagunak apirilaren 30ean, osteguna abiatuko dira Galizia aldera eta maiatzaren 1 eta 2an Santiago eta Rianxo bisitatuko dituzte.

Santiagon bisita gidatua izango dute eta kontzertua eskainiko dute. Gainera, Semente eskolako guraso eta haurrekin izango dira ere galegoak bizi duen egoera ezagutu eta hauekin abestu eta dantzatzeko.

Rianxon gaiteroekin kalejira bat egingo dute eta bertako jendearekin harremana egiteko aukera izango dute.

Txapasek azaldu zuen modura, galegoz hiru abesti ikasi dituzte, “morriñari buruzko bat, arrantzaleen alaitasuna goraipatzen duen bestea. Eta azkena O Maio abestia da. Honetan nekazal munduari egiten zaio aipamena”.

Joxe Mari Agirretxek jakinarazi zuenez, Galiza tabernan egin zen agerraldia Galiziari keinu bat egiteko. "Urteak daramatzan taberna da eta gure artean dauden galegoen adibide dira”.

Galiza tabernako Angel Lopez Gomezek keinua eskertu zuen. "Nire familiako sustraiak batzen ditu ekintza honek. Familia 61. urtean etorri zen Lasartera. Ni eta nire aniak bertan jaio ginen. Baina sustraiak Galizian ditugu”.

Igandean saio berezia

Eta bidaira ongi prestatuak joateko igandean, Xumela koruko lagunak Zarauzko Montetxio zein Hondarribiko Olagarro kideak Lasarte-Orian batuko dira entsegu orokorra egiteko.

Ostean, Galiza tabernan bilduko dira hamaiketakoa egiteko. Indarrak berreskuratuta, kalejira alaian Okendora hurbildu eta bertan emanaldi txiki bat eskaniko dute. Jarraian, plaza dantza saioan parte hartuko dute.

David Egizabal plaza dantzako kideak aipatu zuenez, Xumelak gonbita egin eta kantua eta dantza ongi uztartzen direnez, onartu zuten.

Honela hamaiketakoan parte hartu ostean, muxikoen saioa egingo dute. “Muñeira eta sardanaren bat ere dantzatu beharko ditugu,” aipatu zuen Egizabalek.

 

Kataluniatik Lasarte-Oriara

Izan ere, Xumelako lagunek azaldu zutenez, uztailean Lladó herriko lagunen bisita izango baita.

Xumela abesbatza iazko maiatzean izan zen Katalunian eta Lladó herrixkako koro eta herritarrak etorriko dira uztailaren 4an Lasarte-Oria eta Zarautz ezagutzera.

Lasarte-Orian goizean izango dira eta kantujira bat egingo da bi herrialdeetako doinuak nahasiz. “Bi herrien elkartasunaren ikur den olibindoari bisita egingo diogu, Askatasun parkean dagoena eta bazkaria izango da. Arratsaldean Zarautz aldera egingo dute”.