Kultura ezberdinetara hurbilketa

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 20a

Aurtengoan ere Sasoeta-Zumaburuko Burunzpe guraso elkarteak kulturartekotasun astea antolatu du. Aste osoan zehar, kultura ezberdinak hobeto ezagutzeko aukera izango da Sasoetako eskolan antolatu dituzten hitzaldi eta ekintzei esker. Iaz, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak erkidego mailan antolatzen duen Guraso Elkarteen hezkuntza-jarduera onen 4. lehiaketan garaile izan zen Burunzpe eskolan aniztasuna lantzeko garatutako egitasmoengatik, tartean aste hau.

Gaur emango zaio hasiera Burunzpe Sasoeta-Zumaburu eskolako guraso elkarteak kultur ezberdinetara hurbiltzeko antolatutako kulturartekotasun asteari. Iaz egin bezala, asko dira haur zein helduentzat prestatutako ekintzak. 

Aste honetan ere, eskolan modu berezian landuko den gaia izango da kultur aniztasuna. Izan ere Burunzpeko gurasoek azaldu moduan, ikastetxean 21 herrialde ezberdinetako haur eta gurasoak daude egun. Aniztasun hau lantzeko ekintzak egiten hasi ziren eta iaz gainera saria  jaso zuten datozen egunetako ekintzak bezalakoak sustatzeagatik. 

Hain zuzen, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak erkidego mailan antolatzen duen Guraso Elkarteen hezkuntza-jarduera onen 4. lehiaketan garaile izan zen Burunzpe egiten ari den kultura aniztasunaren inguruko lanketari esker.

Gaurtik aurrera

Arratsaldean emango zaio hasiera ofiziala egitarau zabalari. 18:00etan Kulturatekotasun Astea aurkeztearekin batera, argazki lehiaketako lanekin osatutako erakusketa zabalduko da saharar herriren inguruko erakusketarekin batera. 

Jarraian, hitzaldia emango du Miora Denisov Decebal Romania-Euskadi elkarteko kideak. Elkarte honek Errumania eta Euskadiren arteko elkartasuna sustatzen du eta hemen bizi diren errumaniarren intregrazioa du helburu. Hizlariaren kasuan, euskara-errumaniera hiztegi baten egilea da. 

Asteartean berriz, Saharar herriaren txanda izango da. Tebal elkarteko Ibon Ibargurenek goizean bi hitzaldi eskainiko ditu institutuan eta eskolan gazte zein haurrentzat. 

18:00etan berriz, saio irekia egingo da. TEBAL elkartea Bilbon jaio zen Saharako basamortuan baratzak sortzeko helburuarekin. Nekazari-tzaren garapenerako beharrezko baliabideak jartzen saiatzen ari dira besteak beste. Euren esperientziaz mintzatuko da. 

Jarraian, Frente Polisarioko Brahim Ahmedek kanpamenduetan bizi den egoeraz hitz egingo du. 

Asteazkenean 15:10ean Kale Dor Kayiko elkarteko Sara Ferreruela eta Ana Dos Anjosek herri ijitoak gizartearen baitan eman dituen aurrera pausoez arituko dira. 

18:00etan “Terrorismoaren kontrako islama” hitzaldia eskainiko du Bidaya elkarteko Hajar Samadik. Bidayan Euskal Herrian bizi diren emakume gazte musulmandarrak batzen dituen elkartea da. 

Honen ostean, bere esperientziaz hitz egingo du Tarama Karim giza eskubideen aldeko ekintzaileak.

Ostegunean berriz 16:30ean Porrotx pailazoaren bisita izango da eta honen ostean perkusio tailerra. 

Ostiralean 16:30etik aurrera tailer ezberdinak egin ahal izango dira eta “Zalkav&Wiz John” taldearen hip hop emanaldia izango da, Jalgunerena eta Dinbi Banda batukadarekin amaituko dute 18:00etan. 

Jaialdia larunbatean

Larunbaterako egun osoko egitaraua prestatu dute. 10:00etan olinpiadak eta umeentzat tailerrak egingo dira, 12:00etan Kukuka haur dantza eta sormen taldearen emanaldia izango da. 

13:00etan “Nigeria Canta” emanaldiaz gozatu ahal izango dute bertaratutakoek. Ondoren, munduko abestiak ikasteko saioa eta 14:00etan herri bazkaria egingo dute. 

15:00etan te aretoa osatuko da TEBAL elkartearen haima erraldoian eta 16:00etan “Bolivia Baila” emanaldia izango da. 16:15ean hasiko da Sevillana tailerra. 16:30ean Zambra eta ondoren, Semblante Andaluz-en emanaldiak izango dira. Bollywood tailerrean dantzak ikasi ahal izango dira eta ondoren, Bollywood ikuskizuna. 18:15ean literatura eta argazki lehiaketako sari banaketa egingo da eta bingoa eta zozketa. 18:30an salsa kubatarraren tailerra, Amaia Gonzalez dantzariaren erakustaldia izango da eta eguna bukatzeko, 19:00ak aldera salsa kubatar taldearen emanaldia izango da.

Burunzpek herritarrak gonbidatzen ditu Sasoeta ikastetxean egingo diren ekintzetan parte hartzera.