Garaipena behar zuten Final Four-era sartzeko, ez zegoen beste modurik, irabazi ala irabazi; eta herriko neskek ez dute hutsik egin.
Beste hiru talde gehiago zeuden Final Fourreko postu horiek lortzeko lehian: Oriko Eskola, Arri BKL -A- (Beasain) eta Bera Bera. Hiru talde hauek sei garaipen eta hiru porroteko balantzearekin zeuden, baina beraien arteko garaipenak kontutan hartuta, Ostadarrek zeukan abantaila. Irabaziz gero, automatikoki Lauko Finalerako sailkatuta legoke. Eta urdin-beltzek ez dute barkatu.
"Urte osoan egin duten lanaren emaitza da, hasiera batean ez genunuen inondik esperoko. Lehen fasean hiru garaipen eskuratu eta zazpi galduta... Nola emango diogu buelta? pentsatu genuen. Baina talde honek egoera irauli egin du, gai izan gara lehiatzeko, borrokatzeko, luzapenetan neurketak irabazteko... Meritu handia du neskek egindakoak", adierazi du Marrahi entrenatzaileak norgehiagoka amiatu berritan.
Lauko Finalerako zer asmo duten galdetuta, Bera Bera, Ordizia eta Easorekin nor baino nor "lehiatzea" dela esan du Marrahik: "Sari ederra da, Gipuzkoako kadete mailako finala herrian egiteko aukera suertatu zaigu eta azken unera arte aprobetxatu behar dugu minutu bakoitza. Taldeak konpetitzea lortzen badu, ni gustura, horrekin konforme nago. Hortik aurrerakoa ongi-etorria izango da".
Final Four-a herrian
Datorren asteburuan, apirilaren 25-26ko asteburuan jokatuko da. Larunbatean finalaurrekoak 16:00etan eta 18:00etan izango dira eta igandean, hilaren 26an, goizeko 10:00etan final handia. "Primerako saskibaloi astebukaera biziko dugu, giro ona eta saskibaloia nagusi. Zatozte kiroldegira neskak animatu eta kirolaz gozatzera", dei egin dute Ostadarreko entrenatzaile, jokalari eta arduradunek.
Izan ere, kontutan hartu behar da Ostadarreko kadete guztiak lehen urtekoak direla. Hamabi taldeko ligan lau onenen artean sartu dira, eta azpiko ligan beste 27 talde daude. Saskibaloia errotzen ari da herrian, nesken kirolari alternatiba polita eskainiz.