Lanerako “ilusioa eta indar asko” duela aipatu du Sáenzek larunbateko agerraldian: “Ohorea da niretzat aukera hau izatea nire familiaren herrian, nire herrian”.
Bere asmoa politika “kaleako jendeari begira” egitea da: “Ekiteko beste modu bat proposatzen dut, herritarren arazoei zuzenean helduz eta soluzioak ipiniz”, adierazi du popularren alkategaiak.
Helburu nagusien artean zerrendatu ditu kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzea, herriko komertzioa eta ostalaritza indartzea, herrian aisialdiko ekintza kulturalak bultzatzea eta garraio zerbitzu publiko on bat bermatzea.
Asmo horiek aurrera eraman ahal izateko, herritarren babesa eskatu du: “Has gaitezen hemendik eta orain, ezin dugu besoak gurutzatuta geratu, Lasarte-Oria bizi bat nahi dugu, erakargarria”. Edadeko jendea eta mugikortasun arazoak dituzten herritarrei “arreta gehiago” emateko konpromisoa ere hartu du.
Bestalde, bere moduko gazteak ere izan ditu gogoan: “Belaunaldi oso baten geroa dago jokoan. Aukerak eta enplegua hemen nahi ditugu, Lasarte-Orian, eta horregatik egingo dut borrokan”.
Politika 'berria' ardatz
“Gardentasuna” oinarri, herritar eta politikoen artean “harreman zuzena” edukitzearen beharraz mintzatu da Sáenz: “Esan bezala, politika egiteko modu berri bat proposatzen dugu. Baina batez ere, pentsatzeko beste modu bat eraiki nahi dugu”.
Horretararako, udaletxetik bertatik eragin nahi du Sáenzek, datorren legegintzaldia “inflexio puntua” izango dela uste baitu. Halaber, Gipuzkoako PPren ibilbideaz “harro” egon daitezkeela nabarmendu du PPren alkategaiak.
Zerrenda
Sáenz buru duen hamazazpi izeneko zerrenda honakoa da: Alejandro Sáenz, Imanol Saiz, Tomas Emilio Jimenez, Maria Azucena Rolllán, Consuelo Galán, Jose Antonio Amil, Felix Jesus Fernandez, Rosalia Vega, Filomena Bermejo, Agustin Calvo, Concepción Quevedo, Mario Butragueño. Jose Antonio Pizzano, Maria del Carmen Pliego, Maria Esther Pizarro, Germán Francisco Gonzalez eta Felisa Dávila.