‘Herri hezitzailea, eskola herritarra’ egitasmoa aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 17a, 18:52

Herri hezitzaile eta parte hartzaile baten inguruko “hausnarketak, ekimenak eta hainbat praktika” egiten ari dira Euskal Herriko zenbait eragile, “haurrentzako, gazteentzako, eta, oro har, herritar guztientzako egokiak diren herriak eta hiriak pentsatzeko, eztabaidatzeko eta hainbat urrats emateko” lanketa eginez. Tartean da Lasarte-Oriako Ttakun kultur elkartea.

Arrasaten atzo egindako prentsaurrekoan, Ttakunez gain, Irrien Lagunak Kluba, HUHEZIko Sorguneak ikertegia, Lizarrako eta Iruñeko udal haur­eskolen taldea, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Arrasateko Txatxilipurdi euskara eta aisialdiko elkartea, Euskararen Topagunea, Ikastolen Elkarteko aisialdi­taldea, Urtxintxa Bizkaia, Amarauna, Tabakalerako hezkuntza saila, Pil­pilean elkartea eta Hik Hasi heziketa egitasmoko kideak bildu ziren.

Azaldu zutenez, zazpi kontzeptutan oinarritzen da proposatzen duten aisia eredua. “jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea da asmoa, eta hori oinarri hartuta, haurrei benetako parte-hartze eta erabakitze ahalmena ematea. Gero, eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez, eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate sarea eta auzolana indartzea eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea da lanketa honen helburua”, esan zuten.

Taldeak orain arte argitaratu dituen koadernoak honako hauek dira: ‘Haurren aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen’, ‘Nola sustatu haurren parte hartzea ikuspegi feministatik’, ‘Nola egin udaleku parte hartzailea’, ‘Nola egin ludoteka parte hartzailea’ eta ‘Parkeak bizitzeko modu berriak’.

Proiektuarekin jarraitzeko, apirilaren 24an eta 25ean “Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldiak antolatu dituzte Donostiako Kursaalean.