Diru kontuak gaztelaniaz egin ohi dira, ohitura falta, hitz teknikoak, segurtasun falta... baina euskaraz egiteko aukera dago modalitate guztietan. Buruntzaldeko euskara batzordeek aurtengoan erronka jarri eta eskualdean egiten diren errenta aitorpenen %20 euskaraz izatea da helburua. Herritarrak animatzeko Buruntzaldea Euskaraz Facebook orrian lehiaketa jarri dute martxan.
Errenta aitorpena egiteak etekina ekartzen dio gure gizarteari, diru horrekin hainbat zerbitzu bermatzen ditugulako, baina, gainera euskaraz egiten badugu, beste etekin bat ere gehitzen diogu: gure hizkuntza eta hizkuntza hori erabiltzen dutenak indartzen ditugu”.
Hori da Buruntzaldeko udaletako Euskara Batzordeek garai honetan azpimarratu nahi dutena.
Izan ere, Buruntzaldeko udaletako Euskara Zerbitzuek urteak daramatzate data hauen inguruan hiritarrak animatzen errenta aitorpena euskaraz egin dezaten, baina aurten gonbiteari erronka gehitu diotela azaldu dute, “baietz eskualdean aurten egingo diren errenta aitorpenen %20 euskaraz izan!”.
Urtetik urtera gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten dutenak, iazko kanpainan, adibidez, %13,6 izan ziren, eta aurten langa hori gorago jarri nahi izan dute.
Izan ere, diru kontuak gazteleraz egiteko ohitura dute euskaldun askok, ohituraz, hiztegiaren zailtasunak edo segurtasun faltak bultzatuta.
Joera hau aldatzea da eskualdeko euskara zerbitzuen nahia, euskaldunek pixkanaka erakundeekin egin behar dituzten tramiteak ere euskaraz egiteko.
Jendea animatzeko Buruntzaldeko euskara zerbitzuen Facebook orrian ere lehiaketa bat jarri dute abian, eta parte hartzen dutenen artean bi lagunentzako sagardotegi menua zozketatuko dute maiatzaren 15ean.
Lehiaketa Facebooken
Apirilaren 8tik maiatzaren 14ra bitartean martxan egongo da lehiaketa berezi hau.
Ondoren, irabazlearen izena maiatzaren 15ean emango da jakitera. Esan bezala, asmatzaileak sagardotegian bi lagunentzako otordua irabaziko duela azpimarratu dute sustatzaileek.
Ez da lehenengo aldia halako egitasmoarekin herritarrak euskararen aldeko hautua egitera animatu nahi dituztela eta aurreko urteetan ere lehiaketa burutu da, nolabait hizkuntza aukeraketa hori saritzeko asmoz.
Iazkoan bezala, aurtengo lehiaketan parte hartzea erraza izango da. Buruntzaldea Euskaraz orrialdean atsegin dut sakatu behar da lehenengo. Horren ostean, bertan azaltzen diren siglak, euren esanahiekin lotu beharko dira, siglak eta esanahiak nahastuta agertzen dira. Errenta Aitorpenarekin lotutako hainbat hitzen esanahia asmatu beharko da horrela, ohikoenak direla ere aipatu dute. “Gainera aurten errazagoa izango da, hitz hauen esanahia non topa daitekeen ere esango baitugu”, adierazi dute euskara batzordetik.
Erantzunak Facebookeko iruzkinetan bertan idatzi beharko dituzte herritarrek. Epean egiten diren erantzun zuzen horien artean banatuko da saria.
Errenta aitorpena euskaraz
Errenta aitorpena egiteko hiru modu desberdin daude eta guztietan erabil daiteke euskara.
Errenta aitorpen mekanizatua egitea hautatzen duten herritarrek, gaurtik ekainaren 5era har dezakete hitzordua. Hau zehazteko garaian adierazi beharko da Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, nahiz eta telefono edo Internet bidezkoak euskaraz izan daitezke, horrela eskatzen bada. Ogasunak sinatzeko ematen duen orria ere euskaraz jaso daitekeela jakin behar dute herritarrek.
Autolikidazio proposamena etxean jasotzen duten herritarren kasuan, apirilaren 13tik ekainaren 25era luzatzen da onarpena emateko epea. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi dela adierazi dezake herritarrak eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkio.
Azkenik, Internet bidez egiten bada aitorpena, hauek aurkezteko epea apirilaren 17tik ekainaren 25era izango da. Errenta aitorpena egiteko programaren euskarazko bertsioa jaitsi daiteke eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu.
Azkeneko aukera da errenta aitorpena aholkularitza enpresa baten bidez egiten duten herritarrena. Kasu horretan “propio adierazi beharko da aitorpena euskaraz egin nahi dela” azaldu dute Euskara batzordetik.
Informazioa
Informazio gehiago behar izatekotan, herritarrek buruntzaldea.eus webgunean kontsultatu dezakete. Eskualdeko Euskara Zerbitzuetan eskuragarri dagoela ere jakitera eman dute.
Horrekin batera, euskararen aldeko apustua egitera animatu nahi dituzte herritarrak eta bide batez, Facebookeko lehiaketan parte hartuz saria ere eskuratzeko aukera dagoela gogoratu nahi izan dute.