Kasualitatez heldu da nire eskuetara argazki-liburu hau eta argazki-liburu ia guztiak bezala, etxeko egongelan jarri eta bisitariek denborapasa eskuetan hartu eta begirada bat emateko modukoa da hau ere. Biribilguneen argazkiak biltzen dira bertan. Rotondak. Baina lan estetiko hutsa izan beharrean, Euskal Herriko biribilguneen erabileraren inguruko gogoeta eragitea da egileen helburua. Gure errepideetako gune hauek, bidegurutzeak modu seguruan hartzeko egiturak izateaz gain, fantasia urbanoaren isla ere bihurtu direlako.
Biribilguneen kontzeptua sortu zen herrialdean, Frantzian, 25.000tik gora izango direla kalkulatzen da eta hauen guztien artean, erdian artelanen bat duten 3.328 rotonda zenbatu dituzte. Estatu Batuetan “Roundabout Art Route” delakoa sortu dute Oregon estatuko Bend herrian eta han diren 20 biribilguneak artelanak erakusteko plataforma bihurtu dituzte.
Gure herrian dozena bat inguru zenbatu ditut: biribilak ez diren biribilguneak, erdian lorategia dutenak, olibondoa edo harri erraldoiak, txakurrak paseatzeko balio ez duten berdegune txukunekoak, farola baten inguruan bueltaka dabiltzanak, biribilgune ez izan arren garai batean hala izan zirelako jendeak oraindik horrela erabiltzen dituenak… Eta tartean baita erdian artelana duen bat ere. Herriko sarreran dago Ricardo Ugarte eskulturgilearen burdinezko zortzi metroko “Tajamar” dorrea.
Hori al da ordea, halako lan batentzat tokirik egokiena? Inguruan dabiltzanek begirada errepidera zuzenduta behar duten tokian, zer zentzu izan dezake halako apaingarriak? Artelanari ez ezik, buruari ere buelta batzuk emateko gaia, zalantzarik gabe.