Baketik eta DSS2016ren ‘Eta Hik zer?’ antzerki forumaz gozatu ahal izan zuten herritarrek asteazkenean. Guztira hamabost bat lagun elkartu ziren Anbulatorioko eraikinean dagoen erabilera anitzeko gelan.
Egungo testuinguru sozial eta politikoan elkarbizitza eta adiskidetza sustatzeko asmoarekin, ekimen honek elkarbizitzan sakontzeko elkargune bat izan nahi du. Hiru galdera ardatz hartuta, “Zer gertatu da eta zergatik? Zer egin dezakegu orain? Zer egin dezakegu etorkizunean errepika ez dadin?”, aktoreek gatazkan dagoen gizarte baten berezko eguneroko hainbat bizipen antzeztu zituzten.
Bi aktoreak hainbat paperetan sartu ziren. Auzokideen artean gertatutako egoera deserosoak, umeen arteko solasaldiak, gurasoei, bata alde batekoa eta bestea bestekoa, gustatzen ez zaien laguntasunena, haur txikien artean gertatzen diren hizketaldiak “zure aita hiltzaile bat da, amak esan dit hiltzaileen laguntzailea dela”. “Ez nire aita zinegotzia da eta herritarrentzat lan egiten du” bezalakoak.
Autobusaren zain, bizilagunekin topatu eta auzoko preso baten askatzearen aurrean, protagonistak benetan pentsatzen duena esatera ez da ausartzen eta auzoko batekin edo bestearekin hitz egin, diskurtsoa aldatu edota eguraldiaz mintzatzen hasten denekoa, gaia ekidin aldera.
Edota guraso eta seme-alaben artean gaiaren inguruan naturaltasunez ez hitz egitea, familiak norberaren pentsaeran izan dezakeen eragina, lagunena…
Gogoetarako parada
Ikusleek istorio ezberdin hauen bitartez kanpotik, ezagunak egiten diren egoera horiek ikusi eta antzerki zuzendari modura, amaiera aldatzeko aukera izan zuten, modu positiboagoan bukaera emateko.
Gogoetarako hainbat pista eman eta horrelakoak gainditzeko eman beharreko pausoetan pentsatzeko abagunea bihurtu zen Udal Euskaltegiko aretoa.