San Pedroetako txapelketako izen-ematea irekita dago

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 17a

San Pedro jaiak eta pilota estu loturik egon izan dira betidanik. Intza KEk antolatutako gazteen XXIII. txapelketaz gain, II. emakumezkoen pala txapelketa eta V. beteranoen txapelketa ere jokatuko dira aurten Loidi-Barrengo pilotalekuan. Izen-ematea zabalik dago.

San Pedro Jaietako Intza KEk antolatzen duen txapelketa herriko neska-mutilentzat da. Hiru maila izango dira, 2005-06an jaiotako benjaminak, 2003-04ean jaiotako alebinak eta 2001-02ko infantilak. Partiduak larunbat eta igande goizetan jokatuko dira Loidi-Barrengo frontoian. 

Antolatzaileek jakinarazi dute nahitaezkoa dela kirola egiteko arropa egokiarekin jokatzea. “Finalerdia eta finala arropa zuriarekin jokatuko dira, horixe baita eskupilotaren ezaugarri nabarmenetako bat”, adierazi dute. Benjaminek eta alebinek pilota goxuarekin jokatuko dute eta infantilek tokerako pilota mistoarekin.

Ohi bezala, pilotari gaztetxoen artean lehiaz gain kiroltasuna ere sustatu nahi dute.

V. beteranoen txapelketa
Beteranoen txapelketa ere Lasarte-Oriako pilotarientzat izango da. Parte-hartzeko baldintza 1979. urtea baino lehenago jaiotakoa izatea (36 urtetik gorakoak), hortik aurrera, ez dago adin-mugarik. Maila honetan pilotak goxuak izango dira eta sakea hirutik hirura izango da. Partiduak berriz, 18 tantora jokatuko dira.

II. emakumezkoen pala txapelketa
Pilota oro har gizonezkoekin lotzen bada ere, geroz eta emakume gehiagok egiten du kirol hau. Lasarte-Orian ere bada afizioa eta hori ikusita, San Pedro jaietako II. emakumezkoen pala txapelketa herriko neskentzat bakarrik izango da bigarren urtez jarraian.

Kasu honetan, 1999. urtea baino lehenago jaiotako pilotarientzat prestatu dute (16 urtetik gorakoak), adin-mugarik gabe. Pala txapelketa tenis-pilotekin jokatuko da, sakea hirutik hirura izango da eta partiduak 18 tantora jokatuko dituzte. Antolatzaileek bereziki animatzen dituzte neskak izena-ematera.

Izen-ematea irekita
Hiru kategoria hauetako edozeinetan izena eman nahi duten lasarteoriatarrek astearte eta ostegunetan dute aukera 18:00etatik 20:00era Michelingo frontoira hurbilduta, edota e-mailez solanojf@hotmail.com helbidera mezua idatzita. Izen-ematea egiteko azken eguna maiatzaren 5a izango da.

Materiala (pilotak) Intzak jarriko du eta antolatzaileak ez dira txapelketako partiduetan gerta litezkeen lesioen edota istripuen arduradun egiten.