Pili Bermejo, Iñaki Aristondo, Haizea Sarasola eta Enara Ieregi Ttakuneko hezitzaileak, Tomas Arrizabalaga Ttakuneko lehendakariak eta Boris Nogales Euskara saileko buruak 2015 urteko Udako Txoko eta Kanpaldietako eskaintza aurkeztu dute arratsaldean.
Boris Nogales zinegotziak "Udalean gero eta euskara erabilera handitzen lanean gabiltz eta Ttakunekin dugun hitzarmenean ere, Udako Txoko eta Kanpaldiak euskaraz izan daitezen bultzatzen dugu. Haurrek aisia euskaraz disfruta dezaten" azaldu du.
Izan ere, Ttakun elkarteak 3 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako eskaintza baitu uda honetarako eta erronka hauek euskaraz ongi pasatzea da.
Pili Bermejok jakitera eman duenez, guztira iaz 700 haur eta gazte eta 80 bat hezitzaile eta laguntzaile izan ziren hauetan.
Eskaintza
Azken urteetan Udako Txokoak haurren proposamenak kontuan izan dira programa egiterakoan eta herriari ere garrantzia eman nahi izan diote. "Herriko auzo ezberdinetan antolatu ditugu ekintzak, haurrei baliabideak ezagutzera eman dizkiegu eta herriko elkarteekin eta Udalarekin lan egin dugu. Horretan jarraitu nahi dugu," azaldu dute.
Adinaren arabera, jolasak, tailerrak, irteerak, kirola, jaialdiak eta beste hainbat ekintza egingo dituzte Udako Txokoetan parte hartuko duten haur eta gaztetxoek.
Udalekuei dagokionez, LH5 eta LH6koak Donemiliagara doaz uztailaren 3tik 14ra eta LH3 eta LH4koak uztailaren 16tik 25era bitartean Mendigorriara.
DBHko gaztetxoek, kanpaldi ibiltaria burutuko dute Nafarroa Iparraldean eta Bizkaiako kosta ezagutuko dute DBH3 eta DBH4koek.
Izena ematea
Kanpaldietan izena emateko epea hilabete hasieran zabaldu zen, Udako Txokoetakoa aldiz, astelehen honetan.
Inskripzioa Ttakuneko bulegoan egin daiteke maiatzaren 8ra arte.
Informazio gehiago eskuratzeko aisia@ttakun.com edo 943 37 14 48 telefono zenbakian.
Begiraleen garrantzia
Honetaz gain, hezitzaileak formatuak izatearen garrantzia ere azpimarratu dute agerraldian.
"Formazio egunak egiten ditugu. Hauek hezitzaileak elkar ezagutu eta haien artean konfiantza sortzeko ere erabiltzen dira," azaldu dute.
Eta Udako Txoko eta Kanpaldietan begirale izateko izena ematea ostiralean amaitzen dela gogoratu dute, "18 urte baino gehiago duten herriko gazteak gonbidatzen ditugu izena ematera".