Musikazaleen hitzordua

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 16a

Musika Astearen 3. edizioari hasiera eman zaio Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan Hirubi Boskotearen kontzertuarekin.

Musikenen, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegia, 2013an sortutako taldeak emanaldi polita eskaini du gaur. Lau pieza jo dituzten bi zatitan banatuta, errepertorio klasikoan kokatu duten euren emanaldiaren doinuak nahiz eta bigarren zatian bestelako kutsua eman nahi izan dioten kontzertuari. Horrela, udako amodio istorio bat gogora ekartzen duen doinu alaia eskaini dute eta amaitzeko, tangoa eta balsa uztartzen dituen Julio Medagliaren pieza. 

Mikel Urdangarin
Bihar berriz, Mikel Urdangarinen kontzertuaz gozatu ahal izango da Manuel Lekuonan 20:00etatik aurrera. “Mikel Urdangarin 2015” biran abeslari bizkaitarra bakarrik abiatzen da bidaiatzearen arriskuak sortzen duen zirrararekin. Gitarraren laguntzaz  proiektu berri honetako sortu dituen hainbat kantu aurkeztuko ditu zaharrekin uztartuta. Emanaldi honetarako sarrerak 5,50 euro balio ditu.

Erdi Aroko musika
Larunbatean, kontzertu berezia izango da San Pedro elizan. Danok Kide elkatearen laguntzaz, Ars Combinatoria taldearen “Paris-Santiago. Erdi Aroko polifoniaren bidea”  emanaldia izango da San Pedro elizan. Taldeak Erdi Aroan murgilduko ditu entzuleak, bai musika baita haien jantziengatik ere. XI., XII. eta XIV. mendeetan Konpostelako Done Jakue Katedralean, zein Parisko Notre Dame katedralean edo Montpellierreko katedralean ohikoak ziren motete, conductus edo organum doinuak eskainiko ditu gizonen abesbatzak.

Ahots zurietako abesbatzak berriz, Burgoseko Santa Maria deLa Real Monastegiko Las Huelgaseko kodexeko doinuak eskainiko ditu uztai-biolak lagunduta. Emanaldia 20:00etan izango da eta sarrera doakoa da. 

SuBerri akordeoi orkestra
Eta asteburu musikala honi amaiera ematen herriko talde bat izango dugu Manuel Lekuonan, SuBerri Akordeoi Orkestra. Igandean, 12:00etan hasita, Elias Goikouriak zuzen-tzen duen taldeak musika klasikoa, tangoa, jazza edo bossa nova nahasten dituen egitaraua aurkeztuko du. Era  honetara, aretora hurbiltzen diren herritarrek hala nola, La chica de Ipanema, Astor Piazzolaren Oblivion edo Duke Ellingtonen doinuak entzun ahalko dituzte. Sarrera irekia izango da.