Gipuzkoako Foru Aldundiaren Partaidetzako Aurrekontuen ekimena martxan da. Aurten, 10 eskualdek parte hartuko dute, Bidasoaldea, Buruntzaldea, Debabarrena, Debagoiena, Goierri, Oarsoaldea, Tolosaldea, Urola Erdia, Urola Garaia eta Urola Kosta.
Aldunditik azaltzen dutenez, eskualde bakoitzeko herritarrek haien eskualdea hobetzeko 2 milioi euro nola inbertitu erabakitzeko eskumena izango dute.
“Guztira, datozen lau urteotako foru aurrekontuetako 20 milioi zertan inbertitu erabakiko dute gipuzkoarrek. Lehen fase honetan, herritarren ekarpenak jasoko ditugu”.
Ekimen honetan parte hartzeko hiru bide ezberdin eskaintzen ditu Aldundiak. Herritarrek martxoan, Gipuzkoa Berria aldizkariarekin batera etxeetara bidalitako eskuorria beteta egin dezakete. Eskuorriak herriko bilketa puntuetan, udal egoitzetan, ere eskuratu ahalko dira. Bestetik, www.aurrekontuahobetzen.eus webgunearen bidez ere egin daitezke. Honetan erabiltzaile bakoitzak aurretik egin ez badu, erregistratu egin beharko du eta bere eskualdeari dagokion tartean proposamenak egin.
Bilerak
Azken aukera partaidetzako tailerretara gerturatzea da. “Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuetako 2 milioi euro daude mahai gainean”. Tailerrera doazen herritarrek haien eskualdea hobetzeko ekarpenak egin ditzakete eta haien ustez eskualderako onuragarriak izan daitezkeen proposamenak egin.
Buruntzaldeako bilera gurean egingo da gaur, apirilak 14, 19:00etan Villa Mirentxun.
Horretaz gain, partaidetza postontziak jarriko dira gurean herritarrek euren ekarpenak utz ditzaten: Udaletxean; Manuel Lekuona Kultur Etxean; Emakumearen Zentroan; Kiroldegian; Gaztelekuan; Anbulategian eta Villa Mirentxun.
Ekarpenak egiterakoan, bi irizpide jarraitu behar dituzte parte hartzaileek: proposamenak eskualdearentzako onuragarria izan behar du, batetik; eta aldundiaren eskumenekoa izan behar du, bestetik.