Adiskidetza sustatzeko antzerki-foruma

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 12a, 22:00

Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak eta Baketik Fundazioak “Antzerki-foruma: Eta hik zer?” proiektu ibiltaria ekarriko dute herrira asteazkenean. Aurretik beste hitzordu bat jarri zuten arren, jende faltagatik bertan behera geratu zen. Ekimena Udala azken hilabeteotan bizikidetzaren inguruan egiten ari den lanketaren baitan dago.

Egungo testuinguru sozial eta politikoan bizikidetza eta adiskidetza sustatu asmoz sortutako egitasmoa da asteazkenean ikusteko aukera izango dena. Antzerki-forum metodologiaren bitartez hiru galderen inguruan hausnartzeko aukera izango dute bertaratutakoek; Zer gertatu da eta zergatik? Zer egin dezakegu orain? Zer egin dezakegu etorkizunean errepika ez dadin? 

Asteazkenean Udal Euskaltegiko aretoan 18:00etatik aurrera izango da antzerki berezi hau. 

Lantegia egiteko gutxieneko talde bat osatu behar da eta dagoeneko osatu dela jakitera eman dute antolatzaileek  hala ere, joan asmo duenak izena eman dezakete 688 681 466 telefonora deitu edo antzerkiforuma@dss2016.eu emailera idatzi. 

Dinamika

Saioa bi zatitan banatzen da: lehen zatian, edonork egunerokoan izan ditzakeen gatazken inguruko sei istorio labur antzeztuko dira. 

Ondoren elkarrizketarako tartea etorriko da. Bigarren zati honetan, istorioek amaiera positiboago bat izateko egin beharko liratekeen aldaketa txikien inguruan galdetuko zaie ikusleei. 
Bat-bateko iradokizunak izango dira eta nahi duenak, praktikan jarri ahal izango ditu aldaketa horiek, taula gainean aktoreen eta gidoigile eta zuzendari bihurtuko diren gainerako ikusleen laguntzaz, iradokizun horiek istorioetan txertatu eta antzeztuz. 

“Metodo hau izan daiteke, beraz, bizitza errealean egin nahi ditugun aldaketetarako entsegu bat, jarrera pasibo batetik jarrera aktibo batera igarotzeko zubia. Bi orduko esperientzia pertsonal bat da, gure iragan hurbilera so egin eta etorkizun kolektiboa beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera ematen diguna”. 

Ehun antzerki-forum saio egingo dira eta horietan parte-hartzaileek etorkizunerako dituzten desira eta konpromisoak biltzea da asmoa. “2016an desira eta konpromiso horiek jendaurrean jarriko dira, etorkizunaren bidean gizartearentzat lagungarri eta inspirazio iturri izan daitezen”.