Azken urteetan egin bezala, Udalak martxan jarri du San Pedro jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa irekia. Bihar hasi eta maiatzaren 4a bitartean izango da aukera lanak bidaltzeko.
Urtero bezala 50x70 formatuan eta formatu digitalean entregatu beharko da eta “San Pedro jaiak 2015 Lasarte-Oria” goiburua izan beharko du. Irabazleak 600 euro eskuratuko ditu eta bere kartela San Pedro jaiak iragartzeko eta sustatzeko egingo diren kartel eta eskuorrietan erabiliko da.
2015ko San Pedro Jaietako kartelen lehiaketarako oinarriei dagokionez, honakoak finkatu dira: Kartel bakarra hautatuko da Lasarte-Oriako San Pedro jaiak iragartzeko. Nahi duen edonork parte hartu ahalko du. Pertsona bakoitzak egoki deritzon adina proposamen aurkeztu ahal izango ditu eta proposamenak jatorrizkoak izango dira, eta beste lehiaketatan saritu gabeak.
Baldin eta kartel guztia edo haren zati bat osatzen duten irudien jabetza intelektuala egilearen esku ez badago, kartela ezingo da aurkeztu. Kartel guztiek goiburuan “San Pedro Jaiak Lasarte-Oria 2015” eraman beharko dute.
Bestalde, kartela lantzeko teknika erabat librea da. Kartelak formatu digitalean nahiz formatu fisikoan aurkeztu ahalko dira, eta izenburu batekin identifikatu beharko dira. Kartelak ez dira egilearen izenarekin identifikatuak egongo.
Ezaugarriak
Kartela formatu digitalean aurkezten bada, ezaugarri hauek bete beharko ditu: JPG formatua, 50x70 zm-ko tamaina eta 300 pixel hazbeteko. Artxiboaren izena obraren izenburutzat joko da.
Lanak posta elektronikoz bidaliko dira, sanpedrojaiak@lasarteoriasarean.eu helbidera. Mezuan atxikita testuzko dokumentu bat bidali beharko da, egilearen datuekin.
Kartela formatu fisikoan aurkeztea aukeratzen bada, kartelak 50x70 zm-ko tamaina izan beharko du. Lanak Gaztelekuan aurkeztuko dira, asteartetik ostiralera, 12:00etatik 21:30era eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Kartelaren izenburua atzealdean jarri beharko da. Kartelari gutun-azal itxi bat atxikiko zaio, egilearen datuekin tartean harremanetarako telefonoa.
Lehiaketara aurkeztutako kartel guztiak Udalaren webgunean ikusgai jarriko dira, sinadurarik gabe eta izenburuaren bidez identifikatuak. Ondoren, aurrekoetan egin bezala herritarrek ikusgai jarriko diren kartelei buruz duten iritzia adierazi ahal izango dute eta iritzi hori kontutan hartuko da kartel irabazlea hautatzerakoan. Azken erabakia Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria, Festak eta Kirolak Batzordeak hartuko du, eta haren erabakia apelaezina izango dela argitzen da lehiaketako oinarrietan.
Azken hiru urteetan hiru herritarrek eskuratu dute saria, 2012an Uxune Iparragirreren lana hautatu zen, 2013an Arantza Zulaikarena eta iaz, Elena Dominguezen lana izan zen irabazlea.