Lasarte-Oriak Ahal du taldeak bere hautagaitza aurkeztu du

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 11a, 19:42

Maiatzaren 24ko hauteskundeetan Lasarte-Orian hautesle elkarte berria egon daiteke. Lasarte-Oriak Ahal du elkarteak bere hautagaitza aurkeztu du gaur eguerdian Villa Mirentxu egoitzan. Gardentasun eta aldaketa politikoaren alde agertu dira eta programa herritar eta elkarteen proposamenekin osatu dute. Hauteskundetan egoteko herritarren laguntza behar dute, 500 sinadura.

Gaur eguerdian, Lasarte-Oriak Ahal du hautesle-taldea aurkeztu da. Miguel Angel de la Calle idazkari nagusiak taldea eta hautagaitza aurkeztu die Villa Mirentxun bildu diren herritarrei.
Talde berria "ustelkerietaz, dirua xahutzeaz eta erakundeen urruntasunaz nazkatuta dauden herritarrek sortu dugu".  

Herritarrak dira lehentasuna. Udalean egonez gero marra gorriak izango dituztela azpimarratu dute hala nola, jendea etxe gabe geratzea, haurrek heziketa ezin jaso izatea edo gazteek laguntzarik ez izatea. "Herritar guztiek bizitza duina izatea nahi dugu, ezin gara batzuk ongi bizi besteek bizitzeko haina ez dutenean," aipatu dute. 

Zerrenda

Hau aurrera eramateko  Lasarte-Oriak Ahal du taldeak honako zerrenda aurkezten du: Arkaitz Naya Carrasco, David Ares Rodríguez, Alicia García Patino, Miguel Ángel Tolosa, Victoria Molina Berezo, Iban Plaza Martínez, Aitor Tena Aizpuru, Elena Murillo, Cesar Barreiro, Miren García Marcos, Fernando Marante, Alba Valderrama, Francisco Arruti Susberro, Alex Pozo Manibardo, Ana Martinez Garcia, Mari Carmen Marcos Martin eta Miguel Ángel de la Calle.

Zerrendako hainbat kide lana dela eta ezin izan dira aurkezpenean egon.

Parte-hartzea

Honetaz gain, Arkaitz Naya alkategaiak, David Ares eta Alicia Garcia zerrendako kideek hautesle taldearen oinarriak eta programa azaldu dituzte.

Gardentasuna, parte-hartzea eta aldaketa politikoa ardatz izango dituztela azpimarratu dute.

"Gure asmoa ez da karrera politikoa egitea," adierazi dute. Horregatik, herritarrei haien proposamen berri emango diete, Udalaren kontu eta kontratazioen ikerketa proposatuko dute eta herritarrek udal informazioa eskura izatea nahi dute.

Demokrazia eta erakundeak berreskuratzeko apustua egiten dute Lasarte-Oriak Ahal du taldeko kideek. "Horretarako, herri-galdeketak, parte-hartze araudia prestatu eta batzorde berria eratuko dugu, herritarren partehartze eta aholkularitzan oinarritutakoa".

Izan ere, herritarren apatia politikoa eta atsekabea ilusio eta aurrera egiteko indar bihurtu nahi dituzte. 

Programa

Hauteskunde-programa zintzo eta egingarria aurkezten dutela jakitera eman dute. Izan ere, hau elkarteekin izandako bileretan edo herritarrek egindako proposamenetan oinarritua baitago.

Genero berdinketa, etxebizitza eta hirigintza, hezkuntza, gazteria, adinduak, osasuna, kultura, euskara, kirola, giza-babesa, migrazioa, ingurumena, mugikortasuna eta garraioa, ekonomia, enplegua eta merkataritza eta kooperazio arloetan proposamen ugari aurkeztu ditu taldeak.

Arkaitz Naya alkategaiak "Lasarte-Oriak 30 urte ditu eta urte hauetan bi alderdiek kudeatu dute udala. Batek 25 urte egin zituen eta denbora horretan ez zuen Lasarte-Oria erreferente bilakatu. Besteak, kudeaketarako gaitasun eza erakutsi du" adierazi du.

Lasarte-Oriak Ahal du hautagaitza duin eta erreala aurkezten duela azpimarratu du.

Era berean, aldaketaren unea dela eta "herritarren mailara dagoen herria" egingo dutela adierazi du.  

Aurkezpenaren amaieran bildu diren herritarrek haien ekarpenak egiteko aukera ere izan dute.

Sinadura bilketa

Hala eta guztiz ere, hautesle-elkarteak lasarteoriatarren laguntza behar du zerrenda maiatzaren 24ko hauteskundetan aurkeztu ahal izateko.

Lasarte-Oriako 500 erroldatuen sinadura aurkeztu behar ditu taldeak apirilaren 20ean eta horregatik sinadura bilketa jarri du martxan.

Gizarte-Etxea taberna ondoko lokalean sinadurak biltzeaz gain, herriko hainbat lekuetan jarriko dute mahaia aste honetan.

Okendo plazan izango dira astelehen, astearte, ostegun eta igandean 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 21:00etara, asteazkenean eta larunbatean arratsaldeaz bakarrik eta ostiralean goizez.

Merkatuan izango dira asteazkenean, Jaizkibel plazan ostegunean egun osoa eta larunbata goizean eta Zumaburuko eliza ondoan ostirala arratsaldean.