Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak Lasarte-Orian 29an eta 30ean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 10a, 20:43

Udaltop Euskara Zerbitzuen Topaketaren seigarren edizioa egingo da. Aurtengoan, hizkuntza legea izango dute hizpide apirilaren 29an eta 30ean Manuel Lekuona Kultur Etxean.

“Nola bete hizkuntza legea, lege hizkuntzan galdu gabe?” izenburupean, besteak beste, Eusko Jaurlaritzan lantzen ari diren Udal Legeaz ariko dira: zertan hobe dezakeen udaletako hizkuntza-politika, nola arautu daitekeen, legea hobetzeko proposamenak, eta abar. Era berean, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako errealitateen berri emango da, beti ere hizkuntza legea oinarri hartuta.

Orotara, bederatzi hitzaldi izango dira. Eta tartean izango dira Zelai Nikolas, Eusko Jaurlaritzako legelaria; Iñigo Urrutia, EHUko zuzenbide irakaslea; Iñigo Lamarka Gipuzkoako Batzar Nagusietako legelaria; edota, Laura Perez, Nafarroa Aldatu Ahal Duguko idazkari orokorra.

Dagoeneko zabalik da Udaltopen izena emateko epea –apirilaren 17an itxiko da–. Bertaratzeko interesa dutenek, www.udaltop.eus webgunean dute izen-emateko aukera. Prezioa 80 eurokoa da, bi egunetako otorduak barne.