Markel Olano, Gipuzkoako Aldundirako EAJren hautagaia, eta Xabier Ezeizabarrena batzarkideak Lasarte-Orian izan dira gaur herriko eragile, ordezkari eta enpresekin batzartu eta herritarren beharrak ezagutzeko. Estitxu Alkorta, zinegotzia eta alkategaia eta Lasarte-Oriako jelkideak izan ditu lagun bisitan eta izandako elkarrizketetan Eusko Alderdi Jeltzaleak Lasarte-Oria biziberritze eta hazi arazteko planteatzen dituen neurriak aztertu dituzte.
Oria auzotik hasita, ibaiertzeko herri-guneak eta industrialdeak bisitatu dituzte. Oria ibaia eta ur-bazterrak ingurumen ikuspegitik birgaitzea planteatzen du EAJk bere programan. Kolektore berriak ibaiaren garbiketa eta ekosistemaren errekuperazioa ahalbideratuko du hauen hitzetan eta hori laguntzeko, "hobekuntzak egin beharko dira ibai-ertzean kokatutako industrialdeetan eta eremuetan", hala nola bertatik ezagutu dute Kotxerak inguruneko garapen urbanistikoa.
Programan jasotako proposamenak "Lasarte-Oriak ibaiari bizkar emateari uztea eta ibai-ertza berreskuratzea" ahalbidetuko dute euren ustetan. Markel Olanok azpimarratu du, “EAJren konpromisoa erakunde desberdinetatik, Jaurlaritzatik, Aldunditik eta Udaletik, elkarlanean ekiteko Lasarte-Oriak behar eta zor zaion birgaitze horren alde, eta honetan kontuan izan behar ditugu bestelako eragileak”.
Markel Olano, Xabier Ezeizabarrenak eta Estitxu Alkortak Lasarte-Oriako enpresa eta merkataritza ordezkariekin bilerak izan dituzte (hala nola, industrialdean kokatutako industria eta enpresekin, Aterpeako Ramon Ormazabalekin, edo Luis Jaime de la Cal, Michelin Fundazioko zuzendariarekin). Hartu emanetan, herriko enpresak dituzten kezkak, aukerak eta beharrak aztertu dituzte. Bileretan, Olanok azaldu du “garapenerako elkarrekiko konpromisoa antolatu beharra, guztion artean; aberastasuna sortzeko eta aldi berean gizartearen kohesiorako mekanismoak sendotuz”.
Kirola herri garapenerako tresna izateko EAJk herrirako udal hauteskundeetarako programan planteatzen dituen neurri zehatzak hizpide izan dituzte herriko kirol eragileekin Manuel Lekuonan izandako bileran. Hauek bere aldetik, kirol espazio berrien eta dauden instalazioen berrikuntza beharra azaldu dute. Estitxu Alkortak esan du, “egungo ordezkatuko duen kiroldegi berria eraikitzea proposatzen dugu Michelinen eta atletismo pista izango duen futbol zelaia ere Atsobakarren egitea izango litzateke gure asmoa”.
Azkenik, Ganbo Iturri elkarteko kideekin bakea eta bizikidetzari buruzko hausnarketa egin dute eta honekin amaitutzat eman du Olanok Lasarte-Oriara egindako bisita. “Oso bisita interesgarriak eta hartu-eman mamitsuak izan dira guztiak. Lasarte-Oria eta bere herritarrak hobeto ezagutzeko parada izan dut. Egun borobila izan da, benetan, gaurkoa”, esan du.