Lasarte-Oriako Podemos-Ahal Dugu babes bila

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 9a

Lasarte-Oriako Podemos-Ahal Dugu taldeak larunbatean aurkeztuko du datozen udal hauteskundeetarako programa eta hautagai zerrenda. Villa Mirentxun 12:00etan egingo dute aurkezpena eta bertara gerturatzea gonbidatu dituzte herritarrak.

Hala ere, datozen maiatzaren 24ko hauteskundeetan hautesle-elkarte bezala parte hartzeko, Lasarte-Orian erroldatuta dauden 500 herritarren babesa lortu behar du taldeak eta horretan ari dira. Asmoa "Lasarte-Oriak Ahal du - Lasarte-Oria Puede" izenarekin aurkeztea da. Sinadurarekin batera NAN-aren kopia eman beharko dute herritarrek.

Gizarte-Etxean biltzeko dauden lokaletako bat prestatu dute herritarrak jasotzeko eta bertan sinadura eman ahal izango da 11:00etatik 13:00etarako ordutegian eta arratsaldez 18:00etatik 20:00etara. Jakitera eman dutenez, bertan egingo da NANaren kopia.

Sinadura bilketa hau egiteko apirilaren 20a arte izango dute Podemos-Ahal Duguko kideek. Azpimarratu dute, “babesa emateak ez du bozkarekin zerikusirik, taldearen parte hartzearen aldekoa izatea adieraztea besterik ez da”. 

Informazio gehiagorako Podemos.LasarteOria@gmail.com edo Podemos Lasarte-Oria Facebook orrian.