Debako lasterketa irabazi zuen lehenengo urteko jubenil gazteak. Ihesaldian erabaki zen 86 kilometroko proba, Altuna eta beste sei iheskideren arteko esprintarekin. Azkarrena izan zen lasarteoriatarra eta Debako hondartza aurreko zuzengunean bi besoak jaso zituen. Podiumean kide izan zituen Gari Lagnet bigarren postuan eta Xabier Murgiondo hirugarrenean.
Kadete mailan ere berri onak, Luken Carbayedak bigarren egin zuen Azpeitian, aurrez Eibarren lortu zuen postu berbera hain zuzen. Unai Iribarrek hartu zion aurrea Bazpiko ziklistari eta hirugarren izan zen Urko Semperena. Gainera, Bazpiko beste bi txirrindularik ere lortu zuten Azpeitiko lasterketa amaitzea. Asier Ibarbia eta Manex Altuna 27. eta 29. izan ziren hurrenez hurren, irabazlearengandik minutu eta erdira helmugaratuta. Postu horiekin, Usurbil eta Lasarte-Oriako ziklistez osatutako taldea laugarren izan zen taldekako sailkapenean. Aipagarria da kadeteen tropelak 48 kilometroko proban egin zuen bataz besteko abiadura: 40.8 kilometro orduko.