LOKEko judokak Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko apirilaren 2a

Infantilen Gipuzkoako txapelketan eta Kadeteen Euskadikoan parte-hartu zuten LOKEko judokek, denera sei domina eskuratuz

Infantil mailan, herriko sei judokak parte-hartu zuten eta emaitza ikusgarria izan zen bost domina eskuratuta; hiru urrezko eta bi zilar, bosgarren postu batekin batera.

Ander Garridok bere konbate guztiak irabazi zituen urrea kolkoratzeko, Jesus Curielek eta Alex Saletak bi borrokaldi irabazi zituzten Gipuzkoako txapela janzteko eta Yeray Medibek, txapelketa bikaina osatuta, finalera iristeko balio izan zioten hiru borrokaldiak irabazi eta finalean zilarrarekin konformatu behar izan zuen, Erik Bermejok bezalaxe. Azkenik, Unai Posadak 5. tokian amaitu zuen txapelketa.

Domina eskuratu zuten bostak apirilaren 18an Gasteizen ospatuko diren Euskadiko txapelketan arituko dira lehian, Espainiako Txapelketarako txartelaren bila.

Kadete mailan, Jon Herreroren lana da azpimarratzekoa. Zilarra eskuratu zuen LOKEko judokak Gorka Aristegi prestatzailearen esanetan “lehiaketa izugarria” burututa. Txanponaren beste aldean Haritz Urdangarin gaztea, oraingo honetan ez zitzaion txapelketa onik atera.