Eskertza testigantzak eman dituzten herritarrei

maider-azurmendi 2015ko mar. 29a, 16:16
Omenaldia egin die Islada Ezkutatuak taldeak 1936ko gerra garaian herrian eta eskualdean gertatu zena gogoratu eta kontatzeko prestutasuna izan duten herritarrei. Iaz egin zuten lehenengoz aitortza ekitaldi hau eta kasu honetan, azken urtean taldeari euren testigantzak eman edota materiala utzi dizkietenei eskerrak eman nahi izan dizkiete.

Udaletxeko pleno aretoa goraino bete da Islada Ezkutatuak taldeak prestatutako ekitaldian. Kristina Bernal taldeko kideak aurkezpenean esan duenez: “1936ko Gerra eta bere ondorenak Lasarte-Orian eta inguruetan nola gertatu ziren ikertzeko jaio zen taldea. Biktimei merezi duten aitorpena eskaini, erreparazioa eta berriro ez errepikatzea bilatzen dugu. Lan hau egiteko, herritarren laguntza behar dugu eta hain zuzen, zuek eskainitakoa eskertzeko bildu gara ”.

“1936ko gerraren ondoren gertatutakoa ezkutuan egon da. Orduko 85.000 hildako, oraindik soroetan eta bide bazterretan aurkitu gabe daude”. Bernalek gogoratu du gerraren ondorengo urte luzeetan, 50. hamarkada arte, egoera ekonomikoa ez zela modu nabarian hobetu eta ordura arte, miserian bizi izan zela jendea. Hain zen ikaragarria gertatutakoa eta gizartean sartutako beldurra “oraindik egun, 79 urte beranduago gure ikerketak aurrera eramateko testigu mutuak aurkitzen ditugula. Zorionez asko dira euren bizipenak kontatu dizkiguten lasarteoriatarrak baita industrializazio garaian hona etorritako bizilagunak. Bai Lasarte-Orian baita euren jatorrizko herrietan gertatutakoa”.

Herritarrei esker lan ildo berriak zabaldu dituztela ere adierazi du Bernalek, “hainbeste informazio bakarrik biltzea ezinezkoa izango zen gure taldearentzat, jakin badakigu ere, zenbait gertakari betiko galdu zirela”. Memoria historikoa berreskuratzea, gizartearen garapen armoniatsurako ezinbestekoa eta identitate sortzaile dela azpimarratu du Bernalek “ eta berreskuratzearen bataila, zuek ari zarete irabazten”.

Etorkizuna eraikitzeko giltza

Jarraian, Pablo Barrio alkateak hartu du hitza eta lekukoen garrantzia azpimarratu nahi izan du, “gertatutakoa ez ahazteko, transmisioa dugu tresna eta sendabelarra. Etorkizuna, bai pertsonala eta herri batena, egunero eraikitzen dugu baina garrantzia handia du nola egiten dugun etorkizun hori, modu axolagabean edo modu eraikitzailean. Gu etorkizunaren protagonista izanda, gu gure etorkizunaren jabe eta hauxe da gure herrirako nahi duguna”. Modu berezian eskerrak eman dizkie herritarrei euren testigantzak emateagatik baita Aldundiari, halako ikerketak egiteko laguntza eskaintzeagatik. Islada Ezkutatuak taldeko kideentzat ere esker oneko hitzak izan ditu alkateak “egiten ari diren lan guztiagatik”.

Marina Bidasoro, Aldundiko Giza Eskubide eta Oroimen Historikorako zuzendariak esan du, egia jakitea eta biktimek sufritutakoaren aitortza etorkizunean benetako elkarbizitza lortzeko tresna bakarrak direla. Horrela izanda, Aldundiaren izenean eskerrak eman dizkie bertaratutakoei eta berretsi du erakunde honek Islada Ezkutatuak bezalako taldeei emango dien laguntza eta babesa.

Jose Agustin Muguruzak hainbat datu eman ditu 1936an Buruntzan jazotako gertakariez eta Joseba Tapia herriko musikariak “Tximela” bertsolariak garai hartan kartzelan osatutako bertsoekin osatutako pare bat kanta jo ditu.

Ekitaldiari amaiera emateko, oroigarri banaketa egin da. Kristalezko botila bat oparitu diete barnean esker ona adierazten zuen grabatuarekin. Bukatzeko, guztiek familia argazkia egin dute iaz oroigarria jasotako herritarrekin batera.