EH Bilduk datozen udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu du

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 26a, 21:29

Pablo Barrio alkateak errepikatzen du zerrenda buruan eta egun dauden EHBilduko zinegotzien artean, Gorka Lizarraga da errepikatzen bakarra. Trinketean egindako sagardotegi giroko aurkezpenean, bertaratutakoek zerrendaren aldeko edo kontrako bozka eman behar izan dute eta %100eko onarpenarekin, aurrera atera da proposatutakoa. Xabier Olano, Aldundirako EHBilduren hautagaia izan da aurkezpenean.

Lasarte-Oriako EHBilduk datozen udal hauteskundeetarako alkate eta zinegotzigaiak aurkeztu ditu Trinketean. Festa giroan, parte-hartze prozesu bidez osatutako zerrenda aurkeztu eta bertaratu direnek euren babesa eman behar izan diote honi bozka bidez. Oraindik udalean lanean dauden alkate eta zinegotziak igo dira oholtzara lehenengo eta oso modu positiboan baloratu dute orain arte burututako lana. Taxio Arrizabalagak hitza hartu eta "urte hauetan asko ikasi dugu, momentu zailak egon dira baita on asko ere" aipatu du. Txalo zaparrada luzea jaso dute eta jarraian, bozken emaitzak jakitera eman dituzte. Hauen arabera, %100eko babesarekin onartu egin da proposatzen zen zerrenda.

Horrela, Pablo Barrio buru, Leire Elizegi, Gorka Lizarraga, Kris Bernal, Jon Martin, Manu Elizalde, Inge Mendioroz, Ane Labaka, Aitor Azkonobieta, Ainhoa Negeruela, Kosti Bokos, Irati Perez, Tomas Arruti, Maite Salazar, Liher Unanue, Marian Bueno, Luis Kastresana, Enara Yeregi, Joxe Mari Agirretxe eta Esti Amantegi herritarrek osatzen dute maiatzeko udal hauteskundeetan EHBilduk Lasarte-Orian aurkezten duen zerrenda.

Pablo Barriok "minorian gobernatzeko gai izan gara, aurrekoek utzitako zor ekonomikoa kudeatuz eta garai ekonomiko zailenean gauzak aurrera aterata. Hurrengoari ez diogu zorrik uzten. Ez da erraza izan baina gobernatzeko beste modu bat posible dela erakutsi dugu ere, parte hartzailea eta gardena. Orain herri alaiago bat dugula esango nuke". Hauteskundeetara begira, finkatutako erronkak hasitako bideari jarripena ematea izango dela azpimarratu du egungo alkateak.

Ekitaldian Xabier Olano, EHBilduk Aldundian aurkezten duen hautagaia, izan da eta lasarteoriatarrak animatu ditu EHBilduren gobernuari jarraipena emateko. "Iruditzen zait azken lau urte hauetan Lasarte-Oriako herritarrek bizi kalitatea irabazi dutela".

Bukatzeko, Joxe Mari Agirretxek denak dantzan jarri ditu eta familia argazkia egin dute.