EAJ-k Eskualdeko Garapen Agentzia eratu ez dela salatu du

Txintxarri Aldizkaria 2015eko martxoaren 25a

Buruntzaldeko EAJ-PNVren ordezkariek agerraldia egin zuten, atzo, Astigarragan, Bilduk eskualdeko Beterri garapen agentziari buruz esandakoak gezurtatu eta alderdi jeltzalearen porposamen bateratzailearen berri emateko.

Bilduk eskualdeko agentzia eratuta dagoela eta forma juridikoa zehaztea bakarrik falta dela adierazi du, baina alderdi jeltzaleak “herritarrak eta enpresak nahasi nahian dabilela” salatu du.

“Erakunde hau ez da eratu, ez dago martxan, eta udalbatzek ez dute agentzia eratzea onartu”, ziurtatu zuen Urnietako alkateak, Mikel Pagolak. 

Agentzia eratzea udalbatzen eskumena dela argitu zuen EAJk, baita eskualdeko sei herrietatik batek berak ere ez duela erabaki hori hartu ere. Pagolak jakinarazi zuen gaia Hernani, Astigarraga eta Usurbilen bakarrik eztabaidatu dela, hau da, ezker abertzaleak gehiengo absolutua daukan herrietan eta hiru kasuetan erakundeak izango lituzkeen estatutuak bakarrik onartu direla, eta, beraz, ez dela erakundearen sorrera inondik inora onartu.

Era berean, alderdi jeltzaleak Bilduk Beterri agentzia eratuta dagoela iragartzeko duela urte batzuk eskualdeko sei herriek sinatutako lankidetza akordioak erabili dituela salatu zuen.  Proiektu hauek turismoa, enplegua eta merkataritza sustatzeko egiten dira, besteak beste. 

Konponbidea

Arazoa konpontzeke egongo litzatekeela ere zehaztu zuten agerraldian. “Agentzia ez da eratu, eta ezingo da egin, baldin eta koalizioak atzera egin eta gainerako alderdiekin adostasuna bilatzen ez badu”, gehitu du Pagolak.

Izan ere, gardentasun ezaren ildotik lan egiten jarraituko balute, Urnieta, Lasarte-Oria eta Andoain ez lirateke erakunde berrian sartuko, ezker abertzaleak ez duelako gehiengorik hiru herri hauetan.

Hori gutxi balitz, Andoainek zor handia daukanez, proposatzen denaren moduko erakunde baten kide ezin dela izan azaldu zuten.

Etekin politikoa

EAJ-PNVren ordezkariek gogor kritikatu zuten Bildu aldebakartasunetik ari dela eta koalizioak hauteskunde bezperan “etekin politikoa” lortzeko asmoa daukanaren ustea agertu zuten.

Horregatik, Buruntzaldeko sei ordezkari jeltzaleek mozioa aurkeztu dute euren Udaletan Beterri agentzia eratu dela gezurtatu eta Bilduri udalen erabakitzeko organoak errespeta ditzala eskatzeko.

Honela, EAJ-PNVk bi eskaera egiten dizkio Bilduri, batetik egitasmo honetan atzera egin dezala eta bestetik eskualdeko agentzia eta Udalak etekin politikoa lortzeko erabili ez ditzala.

EAJren proposamena

Halaber, Buruntzalderako proposamen parte hartzaile eta bateratzailea egiteko lanean jarraitzen dutela eta datozen asteetan proiektua aurkeztuko dutela ere jakin arazi zuten zinegotziek.

Eskualdeko eragile eta elkarteekin egiaztatuko dute edukia eta guztiek baita Bilduk ere iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera izango dute, EAJ-PNVren helburua Buruntzaldea osoari zerbitzua emango dion agentzia eratzeko ahalik eta adostasun handiena bilatzea baita.

“Herri guztiak batuko dituen agentzia nahi dugu: ezker abertzaleak gehiengorik ez daukan herriak eta baita arazo ekonomikoak dituztenak ere batuko dituena, argi baitaukagu eskualdeko agentzia on batek bailarako herritarrei onura besterik ez diela ekarriko”, ziurtatu zuen Pagolak.