Gaur eguerdian, Lasarte-Oriako Merkataritza saileko burua Gorka Lizarragak, Behemendi elkarteko Ainhoa Amundarain eta Urtinea lorategiko Bixen Odriozolak aurkeztu dute III. Lore eta Landareen azoka berezia.
Lizarragak gogoratu duen modura, azoka hau antolatzen den hirugarren urtea da eta aurreko edizioetako arrakasta ikusirik berriro ere egitea erabaki dute antolatzaileek. Azoka honek helburu bikoitza du, gure herriko aisia eta merkataritza sustatu eta tokiko ekoizleen produkzioa ezagutzera ematea eta biak ederki bete dira bi urte hauetan.
Postuak
Lore, landare eta zuhaixkak izango dira nagusi goizeko 9:00etatik 14:00etara Okendo plazan izango den azokan. Urtineako Bixen Odriozolak aipatu duenez, "guk udaberriko lore eta landare eskaintza izango dugu".
Baina eskaintza zabala izango da plazan izango diren hamahiru postuetan, landare aromatikoak, kaktusak, bonsaiak, barenerako eta kanporako landareak, etab. Eta produktu berriak ere aurkituko dituzte plazara hurbiltzen diren herritarrek, hala nola, hazi ekologikoak, lore eta landareak erabiliz egiten diren xaboi naturalak, lore prentsatuekin egindako koadroak edo loreekin egindako ile-apaingarriak.
Etxeko txikiek ere eskuak zikintzeko aukera izango dute landare tailerrean eta jolasteko gune bat ere izango dute aspertu ez daitezen.
Lasarte-Oriako Udalak eta Behemendi elkarteak herritarrak gonbidatu nahi ditu larunbata goizean Okendo plazara hurbil eta etxeko balkoiak udaberriko lore eta landarez janztera.