Kirol eta jarduera fisikoaren plana aurkeztu du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko martxoaren 24a

2015-2018 urteen bitartean egin beharreko lanketa finkatu du Udaleko kirol sailak. Kirolaren eta jarduera fisikoaren egoera orokorra ezagutzea, herriko kirol panoraman agente aktibo izan daitezkeen elkarte eta norbanako guztiak saretzea, herritarren behar eta proposamenen berri izatea eta azkenik, erabiltzaileak, kirolariak, prozesu guzti honen 'epizentro' gisa ulertuta, etorkizunera begirako kirolaren plan estrategiko bat osatzea dira Udalak aurkeztu berri duen planaren helburuak.

Jolasteko eta jokatzeko' proiektuaren bitartez, hurrengo urteetako kirolaren bidea “zuzentzea” izan da Udalaren xedea, eman beharreko pausoak, lehentasunak, garatu beharreko azpiegiturak… zein izan behar duten erabakitzeko.

Emandako urratsak
Prozesua iazko martxoan hasi zen, udal barruko lanarekin: informazio bilketa, prozesuaren diseinu orokorraren zirriborroa… Horrela, 2014ko maiatzean, lehen faseari ekin zitzaion, elkarrizketa konkretuekin. Guztira, 30 inguru egin ziren: kirol elkarteekin, kultur eta aisialdi elkarteekin, adineko elkarteekin, Udaleko sail ezberdinekin, etab. Elkarrizketa hauetan, hainbat gai izan ziren aztergai eta jasotako informazioarekin, egoeraren diagnostikoa osatu zen. 

Udalak hasieratik ikusi zuen herritarren parte-hartzea ezinbestekoa zela, kirola eta jarduera fisikoa praktikatzen dituztenen eta ez dituztenen iritzia ezagutzea alegia. Hori dela eta, hainbat dinamika jarri ziren martxan urria, azaroa eta abendua artean. 

Parte-hartze dinamika hauetan, adinka banatuta, herriko kirolean zer aldatu eta zer hobetu daitekeen landu zuten. Bertan jasotako proposamen guztiak aintzat harturik, plan estrategikoa osatu dute, Murua Aholkularitza enpresaren zerbitzuekin.

2015-2018 kirol plana
Prozesuan jasotako ekarpen ezberdinak 6 multzotan sailkatu dira planaren baitan. 

Antolaketa eta kudeaketari dagokionez, kirol zerbitzuaren lana egiteko moduen berrikuspen bat egitea planteatzen da Udala eta herriko elkarteen arteko koordinazioa hobetzeko. Horretarako, kirol koordinatzailearen figura eta ebaluazio sistema berria ezarriko dira, ordutegi eta abono politiken berrikuspena egitearekin batera.

Instalakuntzei dagokienez, erabilgarritasuna handitzea eta posible den kasuetan, hobetzea da asmoa. Instalazioak apurka berritzen joateko "konpromisozko programa" bat egitea ere bai, kiroldegi berriaren proiektuari begira.

Ingurunearen alorrean bidegorri sarea osatzea eta argiztapena, iturriak, parkeak etab. zaintzea da helburua.

Jarduerei dagokienez, herritarren eta herriko eragileen beharrak aseko dituen urte osoko eskaintza guztia bateratuko da.

Kirol sozialaren arloan, genero berdintasuna, euskararen sustapena, emakumezkoen kirolaren sustapena, eskola kirolean ez-konpetitibotasuna, adinduen ariketa fisikoaren sustapena… ezinbestekotzat ikusi dira.

Komunikazioaren alorrean, kirol gune informatiboa sortzea da asmoa, kirol zerbitzuek eskaintzen dituzten aukerak ezagutzera emateko eta bitarteko berriak sortzeko.

Udalak onartutako planaren xehetasun guztiak lasarte-oria.eus webgunean eskegi dituzte laster.

Epe laburrerako asmoa
“Bideari ekin besterik ez zaio egin ikerketarekin. Planean zehaztutako hainbat ekimen martxan jartzeko garaia da orain. Zehazki, instalazioei dagokion arloari helduko zaio lehenik, herritarren artean behar handienetariko baten gisara detektatu baita” adierazi du Arrizabalaga zinegotziak.

Beraz, jasotako ekarpen guztiekin instalazioen azterketa konkretu bat burutzeari ekin dio jada Udaleko kirol sailak. “Lasarte-Orian herritarren beharretara egokitutako kirol politika bat jarraitu nahi dugu, plan hau da bideari ekiteko iparra”, esan dute.